Getxoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana onetsi du Udalbatzak

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 23a, 16:55

Getxoko Udalak aho batez onetsi zuen atzo udalerriko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana. Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) 2016/2019 Legegintzaldiko Planerako ezarri dituen helburu estrategikoetako baten barruan kokatu dute proiektu hori. GUKek aldeko botoa eman zuen, baina eskatu zuen "udal arlo guztiei prestakuntza gehiago emateko, eskolako tailerrak adin txikiagotik hasteko, eta sentsibilizazio kanpainak egin daitezela", besteak beste. EH Bilduk ere planaren aldeko botoa eman zuen eta adierazi zuen bere ekarpenetako batzuk jasotzen dituela. Modu berean, giza baliabide eta ekipamendu gehiago eskatu zituen. Halaber, bi taldeok balorazio positiboa egin dute balizko Getxoko Emakumeen Etxearen inguruan egiten ari den gogoeta prozesuari buruz.

Getxoko "Emakume eta gizonen egoeraren diagnostikoa" egin ondoren idatzi da IV. Plana. Diagnostiko hori Berdintasun Kontseiluagaz konpartitu da eta, horrenbestez, udal taldeakaz ere bai, baita emakume elkarteakaz eta talde feministakaz ere, Udalak jakinarazi duenez.

Getxoko emakume eta gizonek gaur egun bizi duten egoeraren irudi ahalik eta osatuena edukitzeko balio izan du diagnostikoak. Hori izan da IV. Planaren abiapuntua, eta planak atzemandako beharrizanei, arazoei edo hobetu beharreko alorrei erantzun egokia emateko balio duela eta egokitzat jotzen diren ekintzak sustatzen jarraitu ahal dela bermatzeko asmoz egin da.

Hurrengo lau urteetarako plan hau urtero ebaluatuko da, eta berdintasun politiken izaera transbertsala bermatzen duen ibilbide-orria izan gura du. Hartara, esku hartzeko lau ardatz dauzka: emakume eta gizonen arteko berdintasunerako gobernantza, emakumeak euren parte hartze soziopolitikorako eta balioak aldatzeko ahalduntzea, antolaketa sozial erantzunkidea, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza. Ardatz bakoitza bi programatan garatzen da eta, beraien helburuak betetzeko, 99 neurri proposatzen dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun