Itzubaltzeta/Romoko inauteriek emango diote hasiera Getxo udalerriko mozorro-jaiari. Izan ere, auzo horretako bizilagunak izango dira mozorroak jantziko dituzten lehenengoak; aurtengo gaia «beldurra» izango da. Zapatuan, hilaren 25ean, Santa Eugenia plazan egingo dituzte goizeko jarduerak; 12:00etan umeentzako jolasak eta tailerrak egongo dira; ondoren, 13:00etan, umeentzako mozorro-lehiaketa egingo dute. Arrastian, 06:00ak aldera, txokolatea banatuko dute Cervantes plazan; jarraian, ordu erdiren buruan, kalejira eta nagusien mozorro-lehiaketa egingo dituzte. Kalerik kale ibiliko dira, Zaratanba batukadaren soinuan dantzan. Iluntzean, 20:00etan, umeentzako berbena egongo da Santa Eugenia plazan, Poxpo eta Lintxoren ekimenez.
Azkenik, mozorroen egunari amaiera emateko, erromeria egongo da, 22:00etan, Urrats taldeagaz. Zuzeneko musikaz goizeko 02:00ak arte gozatu ahal izango da bertan. Hurrengo aste-akabuan, berriz, Boliviako inauteriak gogora ekarriko dituzte, 18:30etik aurrera, Bizkaia Zubitik hasiko den kalejiragaz eta ondoren egingo dituzten dantzen erakustaldiagaz.
Inauterien jaia eta horretan egingo den mozorro-lehiaketa hainbat eragileren eta auzoko tabernen elkarlanari esker antolatu direla jakinarazi gura izan dute arduradunek.