Probaren antolatzaileek gogorarazi dutenez, birritan izan dira Galeako txapelketa deitzeko saiakerak. Lehenengoa, pasa den abenduaren 16an izan zen, "eguna argitu zuenean Galean gutxitan ikusi ditugun olatu ederrak zeuden". Baina data hark bat egin zuen Nazaré-ko txapelketaren aurretiko deialdiagaz, eta Portugalgo probak lehentasuna zeukan. Halere, Galean lehiatzeko gonbidatu batzuk hurbildu ziren olatuen kalitatea dastatzera: "Twiggy" Baker munduko txapeldun hegoafrikarra, Jamie Mitchell australiarra eta beste batzuk.
Bigarren aukera pasa den barikuan izan zen. Antolatzaileak gaueko azken orduraino bilduta egon ziren, martitzenean txapelketa egin ala ez eztabaidatzen, Munduko Surf Ligak ezarritako egitarauaren azken eguna zelako eta olatu erraldoiak iragarrita zeudelako. Baina eguraldi-baldintzek 48 ordutan aldaketa asko izan zuten. Azken aurreikuspenak iragarri zituen mendebaldeko haize zakarrak, Galean surf egitea ekiditen dutenak.
Azkenean, antolatzaileek eta surflariek aho batez onartu zuten ez zegoela beharrezko baldintzarik txapelketa egiteko eta "penaz bada ere, ekitaldia bertan behera geratuko zela", bigarrenez jarraian. Datorren itxaronaldia zortzi hilabete barru hasiko da, 2017ko urriaren 15ean.
Azken urte bietako trabak kontuan hartuta ere, Galea probarik konstanteenetako bat da, beste proba batzuk behin eta berriro geratu direlako bertan behera, bete beharreko baldintza meteorologiko zorrotzak ez izateagatik.
"Twiggy" Baker Olatu Handien Txapelketako buruak ospatzeko aukera izan du daborduko. Gainera, ofizialki bihar izendatuko dute munduko txapeldun.