Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak Memoriaren Plaza ekimena ekarriko du martxoaren 13an Getxora. Horren helburua da "guztion memoria" eraikitzeko urratsak ematea. Horretarako, bertoko Udalaren laguntzagaz, karpa bat jarriko dute Areetako Xake plazan, astebetez, hilaren 19ra arte. Bertan hainbat berbaldi eta tailer antolatuko dira, askotariko indarkeriak jasandako biktimen testigantzak oinarri hartuta, hala nola 1936ko gerra, diktadura frankista, ETAren indarkeria eta legez kontrako poliziaren indarkeria. Besteak beste, Getxoko bost biktimen lekukotasunak entzun ahal izango dira: Jordi Lidón, Karmen Galdeano, Alex Moreno, Jaione San Sebastián eta Pedro Román.
Memoriaren Plaza ekimena iaz jarri zuten martxan, eta daborduko zortzi udalerrietatik igaro da. "Zortzi astetan 15.000 pertsona pasatu dira plazatik, eta parte hartu duten guztiek modu oso positiboan baloratu dute ekimena", azaldu du Aintzane Ezenarro Gogora institutuaren zuzendariak. Imanol Landa Getxoko alkateak uste du ekimen hori aukera bat dela indarkeriari zilegitasuna kentzeko eta giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitzaren alde lan egiteko.
Ezenarrok azaldu duenez, proiektu ibiltari horrek lau helburu ditu: memoria jendarteratzea eta partekatzea, guztion artean eraikitako gogoeta sustatzeko; herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko lekua eskaintzea; memoriak udalerrietan lantzea, dinamikak sustatzeko iraganari buruzko gogoeta kritikoak sustatze aldera; eta Gogora institutua bera ezagutzera ematea.
Jose Luis Landa PSE-EEko zinegotziak ekimena babestu du, bere ustez "interesgarria" delako askotariko indarkeriak “bizipen pertsonaletatik jorratzea”. Santiago Sainz Ciudadanoseko bozeramaileak ere positiboki hartu du proiektua, “indarkeriari zilegitasuna kentzeko” baliagarria delako eta oinarrizko eskubideak “balorean jartzen” dituelako.
EH Bilduk, bere aldetik, "biktimen, oroimenaren eta erreparazioaren arloan adostasunera heltzeko ahaleginak egiteko prest" dagoela baieztatu eta Gogora institutuak egindako lana aitortu egin du. Hala ere, Memoriaren Plazan Eustakio Mendizabal "Txikia"-ren memoria "alboratzen" ari direla salatu dute: "EAJren ustez 'Txikia'-k ez du errekonozimendua, memoria eta justizia merezi, Polizia frankistak tiroz hil zuen arren". Koalizio abertzaleari erantzunez, Ezenarrok argi utzi gura izan du Gogorak ez duela "inor" baztertzen. "Legeak onartzen dituen biktima guztiak oroitzen ditu Memoriaren Plazak, adituez osatutako batzorde batek aintzat hartzen dituenak, alegia". Hala, jakinarazi du "Txikia"-ren harira, "inork" ez duela kasua modu ofizialean batzordean aurkeztu, "hortaz, ezinezkoa da legalki bere kasua onartzea".