Emakume bat atxilotu dute Getxon indarkerizko lapurreta egitea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 9a, 15:33

Getxoko Udaltzaingoak 32 urteko emakume bat atxilotu du gaur, eguena, indarkeriazko lapurreta delitua egotzita.

Polizia iturriek jakinarazi dutenez, 11:50ak aldera, udaltzainek dei bat jaso dute Zugatzarte etorbidean pertsona batzuek beste bat atxiki dutela esanez, andre bati eskumuturreko erlojua lapurtzen saiatu delakoan.

Poliziak bertaratu dira eta, bertan, biktimak esan die emakume bat hurbildu zaiola lan bila zegoela esanez eta eskutik heldu diola. Azaldu duenez, elkar borrokatu ostean, akusatuak biktimaren eskumuturreko erlojua askatzea lortu du. Hala ere, erlojua lurrera erori eta, lekuko batzuei esker, erasotzailearen ihes egitea ekidin da. Poliziek jakinarazi dutenez, gertatutakoa egiaztatu eta lekukoen testigantzak bildu ondoren, ustezko lapurra atxilotu dute.

Iturrien arabera, eskumuturreko erlojuak 6.000 euroko balioa du.

Getxoko Udaltzaingoak ikertzen ari dira ea atxilotuak, Bartzelonan bizi denak, inguruetan jasotako beste salaketa batzuekaz zerikusia duen ala ez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun