Emakumeen errugbiaren gaineko "Batallas" film laburra aurkeztuko dute barikuan Faduran

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 14a, 12:00

Filmaren fotograma bat, Getxo Rugby Taldeko aldategian. © JUAN LUIS BERECIBAR - GETXO KULTUR ETXEA

Datorren barikuan, martxoaren 17an, "Batallas" 15 minutuko film dokumental laburra aurkeztuko dute Algortan. Perimetroak bekaren proiektu irabazleak aztertu du kirola, arte eta generoaren arteko harremana, emakumezkoen errugbia ardatz hartuta. Filma proiektatuko dute Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian, 18:00etan. Ondoren, berbaldia izango da kirolean, genero-berdintasunean eta artean aritutakoakaz. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

Juan Luis Berecibar soziologo bilbotarra izan da proiektuaren egilea; dokumentalaren bitartez,  aipatutako esparruen gaineko ikerketa gerturatu nahi izan du errugbiaren mundura. Filmaren protagonistak Getxo Rugby Taldeko zenbait mailatako emakume jokalariak dira. Hala, egileak errugbiaren testuinguruan generoaren eta berdintasunaren errealitateari hurbildu eta hausnarketa egin gura izan du, Getxo Kirolak, Getxoko udaleko Berdintasun Arloa eta Getxoko Kultur Etxea erakundeek azaldu dutenez.

Berecibarren asmoa bikoitza izan da: elkar ulertzeko zubiak eraikitzea eta, aldi berean, performance artistikoaren mundura hurbiltzeko praktika batzuk islatzea. Tartean, honako baloreak erakutsi egin ditu: ahalegina: norberaren borroka; atzera ez egiteko eta zutik irauteko borondatea; norberaren espazioaren konkista; eta eraikuntza indibidualerako eta talde zein norbanakoaren eraikuntzarako kirolaren arloko baloreak hartzea, besteak beste. Proiektua gauzatzeko, egileak elkarrizketa pertsonalak, grabaketak, ikus- entzunezko kontakizunak eta sakelako telefonoagaz eginko grabaketa autonomoak erabili ditu. "Horien denen bitartez alderdi interesgarriak islatu ditu filmean, berbarako jokalarien zelaiko kokapenaren eta bizi-estrategien arteko harremana, gorputz-praktiketan eta existentzialetan bereizezinak eta erabakigarriak direnak".

Filmaren aurrerakina (© Juan Luis Berecibar - Getxo Kultur Etxea)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun