Kirol-elkarteen kudeaketarako formakuntza eskainiko diete Getxoko klubei

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 15a, 17:45

Formakuntza-saio bat. © GETXOKO UDALA

Getxo Kirolak udal-erakundeak prestakuntza-programa bat antolatu du udalerriko kirol-klubentzat, kirol-elkarteen kudeaketan eta administrazioan arazoak sortu ohi dituzten gaiak aztertzeko.

Programaren barruan sei jardunaldi egingo dituzte aurten; horietan, parte hartuko duten klubek euren eguneroko beharrean dauzkaten zalantza, kezka eta ardurak mahaigaineratu ahal izango dituzte. Jardunaldiotan, informazioa zein prestakuntza teoriko-praktikoa eskainiko dute zenbait adituk, kirol-kluben aholkularitzan esperientzia duten espezialistek, alegia. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: kirol-klub baten funtzionamendua, antolatzen edo garatzen dituen jarduerak, datu pertsonalen babesa, erantzukizuna eta aseguruak, lan-kontuak eta araubide fiskala. Jardunaldi bakoitza ordu bikoa izango da.

Lehenengo saioa bihar, ostegunean, izango da, 19:00etan Fadura kiroldegiko ekitaldi-aretoan. "Kirol-klubaren funtzionamendua" goiburupean, Borja Osés abokatuak emango du. Kirol-klub batek behar bezalako funtzionamendua izan dezan, alderdi garrantzitsuenak azalduko ditu: klub batek bere bazkideakaz izan behar duen harremana eta horiek informazioa jasotzeko duten eskubidea; Batzar Orokorraren bilerak; Zuzendaritza Batzordeak akordioak onartzeko erregimena eta klubaren organoek akordioak hartzerakoan duten erantzukizuna; zenbait liburu nahitaez bete beharra, eta abar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun