Gizon bat atxilotu dute Areetan bikotekideari eraso egitea leporatuta

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 3a, 10:50

Getxoko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen atzo, domekan, bikotekideari kalean eraso egin ziolakoan. Iturriek jakinarazi dutenez, erasoa domeka arrastian jazo zen, 18:45ak aldera, Areetan. Zerbitzuz kanpo zegoen udaltzain batek ikusi zuen, eta geldiaraztea lortu zuen. Egileak ihes egitea lortu arren, ondoren Udaltzaingoak atxilotu zuen.

Andrak erasoaren seinale argiak zituela azaldu dute polizia-iturriek, hala ere, ez zuen gertaera salatu gura izan. Horregatik, agenteek ofizioz jokatu eta genero-indarkeriagatiko ustezko delituaren eginbideak eroaten dabiltza aurrera.

Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak erasoa gaitzetsi ondoren, gogorarazi du tratu txar fisikoa edo psikikoa jasaten dituzten biktimak Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jo dezaketela, han egoeratik ateratzeko laguntza emango baitiete. Eigurenek akordura ekarri du Udaltzaingora (944 660 202) edo Ertzaintzara (944 063 420) ere jo daitekeela eta baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono zenbakira (900 840 111) eta SOS DEIAKera (112) ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun