Umeei begirako bost film emango dituzte, Areetan

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 17a, 12:00
"Zipi & Zape eta kapitainaren irla" izango da euskaraz emango duten film bakarra. © EZAE

Gaztetxoek zinemaz gozatzea aukeran izango dute hilaren 18tik 22ra bitartean; izan ere, Haur Zine Jardunaldien 34. edizioa antolatuko du Getxoko Kultur Etxeak, Areetako Andrés Isasi musika-eskolan, Aste Santuko eskola-oporraldia aprobetxatuz. Bost pelikula eskainiko dituzte, guztira; horien arteko bakarra izango da euskaraz. Emanaldi denak 17:00etan hasiko dira, eta saio bakoitzeko 2,10 euro ordaindu beharko dituzte ikusleek.

Apirilaren 18an hasiko dira jardunaldiak, martitzenean; "Peter y el dragón" pelikula proiektatuko dute egun horretan. Disneyren "Pedro y el dragón Elliot" film luze ezagunaren bertsio berria da. Biharamunean, eguaztenean, "Zipi & Zape eta kapitainaren irla" euskarazko filma proiektatuko dute. Eguenean, berriz, Steven Spielberg zinegile estatubatuarraren azkeneko lanaz gozatu ahal izango dute neska-mutilek: "Mi amigo el gigante" filma egongo da ikusgai. Bestalde, barikuan, "Angry Birds" animaziozko filmaren txanda izango da; umeentzako bideo-joko ospetsuen pertsonaietan oinarrituta dago pelikula hori. Zikloa amaitzeko, "El libro de la selva" ikusi ahal izango dute umeek. Disneyren pelikula ospetsuaren moldaketa berria da azken hori; Rudyard Kipling-en kontakizunean oinarrituta dago.

Egitaraua

Apirilak 18, martitzena

  • "Peter y el dragón", gaztelaniaz

Apirilak 19, eguaztena

  • "Zipi & Zape eta kapitainaren irla", euskaraz.

Apirilak 20, eguena

  • "Mi amigo el gigante", gaztelaniaz.

Apirilak 21, barikua

  • "Angry Birds, la película", gaztelaniaz.

Apirilak 22, zapatua

  • "El libro de la selva", gaztelaniaz.


Areetako musika-eskolan izango dira saio denak, 17:00etan. Sarrera: 2,10 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun