Plan pilotu hori iaz abiatu zen Azkorri-Gorrondatxe hondartza eta Galeako lurmuturraren artean, bertan diren kostako txilardien ekosistema hobetzeko eta babesteko.
Ekosistema horrek lehentasuna dauka Europan zaintzeko eta berreskuratzeko, EAE inguruan asko eskastu edo oso hondatuta dagoelako, gizakiaren eraginagatik eta higadura-prozesuengatik.
Ekintzak
Proiektuaren helburua da kontserbazioa eta partaidetza soziala bateratzea, proposatutako helburuak ahalik eta modu onenean lortzeko ezinbesteko faktorea baita. Horrela, hainbat ekintza aurreikusten ditu, horien artean txilarra ereitea; asteon egiten dabiltza behar hori Galea aldean.
Horrez gainera, datorren apirilaren 22an jardunaldi bat antolatuko da espezie exotiko inbaditzaileak errotik kentzeko, hegaztiak begiztatzeko eta Azkorrin gauzatzen dabilen egitasmoaren balioa nabarmentzeko. Eta udagoienean beste jardunaldi bat antolatuko da, txilardiak landatzeko, aipatutako espezieak desagerrarazteko eta Alpenarri (Tunelboka) senadiko zaborrak garbitzeko.
Bestalde, planaren barruan, iragan udazkenean eremu bi itxi ziren, modu esperimentalean, pertsonen joan-etorriaren eraginez aipatutako ekosistema hondatzen baitzebilen eremu bi horietan. Bietan –bata Azkorriko aparkalekuaren ondoan dagoena eta bestea Alpenarri puntaren inguruan, Tunelbokako senadiaren alboan–, esklusio-eremu bana mugarritu zen higatutako espazioak indartzeko, txilar landareak (Erica vagans) landatuz, eta landarediak espazio horiek era naturalean birkoloniza ditzan.