Animaliak Edukitzea eta Babestea arautzen duen Udal Ordenantzak finkatzen ditu txakurrak solte eraman ahal izateko leku horiek. Ordenantzaren arabera, txakurrak lotu gabe baina kontrolpean ibili ahal dira aipatutako eremuetan, eta kanpoan uzten dira arriskutsutzat katalogatuta dauden txakurrak.
Ordutegi berriak ezartzen du txakurrak 18:00etatik hurrengo eguneko 11:00ak arte ibil daitezkeela lotu gabe ohiko zonaldeetan; udaldian, baina, animaliak ezingo dira hondartzetatik aske ibili.
Udalean ordezkaritza daukaten talde politiko denek babestu dute neurria. José Luis Landa Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, hainbat proposamen eta iradokizun jaso dira maskota-jabeen aldetik ordutegia hedatzeko eskatuz, beren animaliek “mugitzeko askatasun” handiagoa eduki dezaten. Landaren esanetan “neurri egokia dela iruditzen zaigu. Izan ere, txakurren jabe gehienak herritar arduratsuak dira eta primeran zaintzen dituzte beren animaliak”.
Bost dira ordenantzak finkatzen dituen aisiarako eremuak (lorategiak eta parterreak salbuetsita daude): Txurrukako kaia eta Areetako hondartza; Portu Zaharreko zelaigunea eta Ereagako hondartza; Arrigunagako hondartza; Gobela ibai ondoko pasealekua (Gobeloki, La Avanzada errepidetik Lexarretaraino) eta Makaleta etorbidea (Lexarretatik Salsidu etorbideraino); eta Galeako bidea (Aixerrotatik Sopelako mugaraino).
Higiene- eta osasun-neurriak direla eta, Areeta, Ereaga eta Arrigunagako hondartzak ezin izango dira erabili aisiarako eremu moduan uda garaian, (maiatzetik irailera bitartean).