Txakurrak solte ibiltzeko ordutegia zabaldu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 6a, 14:50

Txakur bat solte, artxiboko irudian.

Getxon baimenduta dauden aisiarako eremuetan txakurrak lotu gabe ibiltzeko ordutegia zabaldu du Udalak, 18:00etatik goizeko 11:00ak arte. Hartara, bost ordu gehiagoz ibili ahalko dira txakurrak solte, orain arte ordutegi hori 21:00etatik 09:00etara mugatuta baitzegoen.

Animaliak Edukitzea eta Babestea arautzen duen Udal Ordenantzak finkatzen ditu txakurrak solte eraman ahal izateko leku horiek. Ordenantzaren arabera, txakurrak lotu gabe baina kontrolpean ibili ahal dira aipatutako eremuetan, eta kanpoan uzten dira arriskutsutzat katalogatuta dauden txakurrak.

Ordutegi berriak ezartzen du txakurrak 18:00etatik hurrengo eguneko 11:00ak arte ibil daitezkeela lotu gabe ohiko zonaldeetan; udaldian, baina, animaliak ezingo dira hondartzetatik aske ibili.

Udalean ordezkaritza daukaten talde politiko denek babestu dute neurria. José Luis Landa Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, hainbat proposamen eta iradokizun jaso dira maskota-jabeen aldetik ordutegia hedatzeko eskatuz, beren animaliek “mugitzeko askatasun” handiagoa eduki dezaten. Landaren esanetan “neurri egokia dela iruditzen zaigu. Izan ere, txakurren jabe gehienak herritar arduratsuak dira eta primeran zaintzen dituzte beren animaliak”.

Bost dira ordenantzak finkatzen dituen aisiarako eremuak (lorategiak eta parterreak salbuetsita daude): Txurrukako kaia eta Areetako hondartza; Portu Zaharreko zelaigunea eta Ereagako hondartza; Arrigunagako hondartza; Gobela ibai ondoko pasealekua (Gobeloki, La Avanzada errepidetik Lexarretaraino) eta Makaleta etorbidea (Lexarretatik Salsidu etorbideraino); eta Galeako bidea (Aixerrotatik Sopelako mugaraino).

Higiene- eta osasun-neurriak direla eta, Areeta, Ereaga eta Arrigunagako hondartzak ezin izango dira erabili aisiarako eremu moduan uda garaian, (maiatzetik irailera bitartean).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun