Getxoko Turismo Bulegoak 57 plan aurkeztu ditu Aste Santuan gozatzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 7a, 10:08
Erabiltzaile bat maparen QR kodea erabiltzen. © GETXOKO UDALA.

Aste Santurako jarduera-eskaintza zabala aurkeztu du Getxoko Turismo Bulegoak, "57 plan Getxoz gozatzeko" izeneko liburuxkan jasotzen dena. Eskaintza horretan sektoreko 254 enpresa getxoztarrek hartzen dute parte (iaz baino 31 gehiago); horrek suposatzen du %26ko hazkundea iazko datuakaz alderatuta, eta %58koa 2015eko datuen aldean. Aurreikusitako plan berrien artean badaude, besteak beste, urpekaritza egiteko irteerak, Ramiro Pinilla ibilbide literario gidatua, Ezagutu Getxo korrika izeneko jarduera eta hainbat tailer gastronomiko.

Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazi duenez, "Badira batez ere kulturalaren, kirolaren eta ongizatearen Turismoarekin lotuta dauden jarduerak, Udalak aurrera eramaten duen Ekonomia Sustatzeko Getxo 2020 estrategiarekin bat etorriz. Horiek lau atal handitan jasotzen dira: Getxo Kosta, Getxo Monumental eta Kulturala, Getxo Aktiboa eta Getxo Gastronomikoa". Uriartek azpimarratu du irteera ziurtaturik  motako jardueren eskaintzaren hazkundea, 32 plan egiten  dira baldintza horietan. "Horiek interesgarriak dira, batez ere, turistentzat eta bisitarientzat", esan du, "askotan ez baitute ezagutzen dagoen eskaintza zabala eta anitza, eta helmugara heltzen direnean berehala kontratatu nahi dute".

Irantzu Uriartek azpimarratu du eskaintza anitza dela, publiko tipologia ezberdinetakoei egokitua dela eta ahalbidetzen duela Getxora erakartzea Bizkaiko edo inguruko probintzietako bisitariak. Horiek aukera izango dute Getxo berraurkitzeko ikuspuntu ezberdinetatik eta helburu ezberdinekin.

Guztira, 43.000 ale argitaratuko dira eta eskuragarri egongo da gazteleraz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez; baita euskarri digitalean webgune honetara ere: http://www.getxo.eus/DocsPublic/turismo/Planes_Euskera_2016.pdf. Liburuxkaren barruan Getxopass txartel turistikoaren edizio berria egongo da, dohainik banatzen da eta Getxon kontsumitzen duten bisitariei eta turistei aukera ematen die deskontuak jasotzeko zenbait denda edota zerbitzutan.

Turismo inklusiboa

Aste Santuan Ereagako Turismo Bulegoan abian jarriko da aurten aurreikusita dauden jardueretako bat, Getxo pertsona guztientzat helmuga irisgarriagoa eta hurbilagoa bihurtzeko asmoz. Aipatutako jarduera honetan datza: Bulegoaren kanpoaldean, 24 orduz informazio turistikoa eskaintzen duen pantailaren ondoan, mapa batek informazioa eskainiko du "Map´s voice" web teknologiaren bitartez, era irisgarrian eta pertsona guztien eskura; besteak beste udalerriko bideak, ibilbideak eta gune interesgarriak ezagutaraziko ditu eta, Braillez gain, formatu bisuala eta audioa du –testu lokuzioakaz-. Planoak QR kodea izango du eta, horren bitartez, erabiltzaileek informazioa jaso ahal izango dute testuak irakurtzeko edo horien lokuzioak entzuteko, hizkuntza ezberdinetan. Eskuragarri egongo da euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Laster katalanez, alemaniarraz, italieraz, japonieraz, txineraz eta portugesez ere egongo da. Testuak enpresa espezializatu batek egokitu ditu, gorrek edo desgaitasun kognitiboa duten pertsonek uler ditzaten.

Arreta publikoari

Aurreko urteetan bezala, Turismo Bulegoak publikoari arretarako zerbitzua indartuko du Bizkaiko Zubiaren ondoan jarriko duen Aldi Baterako Informazio Turistikoaren Gunea. Hori zabalik egongo da apirilaren 10etik, goizez eta arratsaldez. Zerbitzu horren helburuak honako hauek dira: ahalik eta gehien indartzea bisitariari eskaintzen zaion informazioa eta arreta, era erraz eta bisualean; bisitariei eta turistei hurbilagoa eta agerikoagoa egitea Getxoko eskaintza; eta hori guztia onuragarria izatea tokiko enpresentzat eta Getxo udalerriarentzat.

Turismo bulego nagusia, Ereaga hondartzan dagoena, zabalik egongo da, ohi denez, Aste Santuko egun denetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun