Mugimendu feministak Abasoloren etorrera salatuko du Faduran

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 11a, 19:22

Pasa den Getxoko Udalbatzaren aurretik egindako elkarretaratzea. © GETXOKO EH BILDU

Bihar, eguaztena, Getxo eta Portugalete futbol-kluben arteko derbi bizkaitarra jokatuko da Faduran, 20:00etan. Hala, litekeena da Paul Abasolo erdilari durangarra Algortara etortzea, Portugaleteren hamaikakoaren barruan. Getxoko mugimendu feministak protesta deitu du partida hasiko den ordu berean, Faduran, "Paul Abasolo, ez zara ongi etorria. Inpunitaterik ez!" goiburuaren pean. Gogorarazi dutenez, indultua eman dioten sexu-erasotzailea da Abasolo.

Pertsona "grata" Getxon

Pasa den martxoaren 29an ere, Getxoko Udal kandidaturak (GUK) eta EH Bilduk Abasoloren gaineko mozio bat aurkeztu zuten, batera. Ezkerreko udal-taldeek eskatu zuten Getxoko Udalak Abasolo pertsona "non grata"-tzat jo zezan. Mozioa bertan behera gelditu zen, babes faltagatik. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Gobernu Taldeak adierazi zuen "auzi guztietan gure gaitzespen irmoena adierazi dugu genero desberdintasunean oinarria duten jokaera sexisten ondorio diren eraso guztien aurrean. Baina, pertsona hori zigortu eta zigorra bete zuen, eta horregatik, gainontzeko hiritar guztien eskubide eta betebehar berberak ditu".

Paul Abasolo Amantegui futbolaria sexu-abusuengatik kondenatutako eta Espainiako Gobernuak indultatutako lehen erasotzailea da, Estatu mailan. Epaitegiak espetxe-zigorra ezarri bazion ere, jokalariak segitu ahal izan du bere kirol ibilbidea, arbuio sozial handiaren erdian. Ertzaintzak 2006 eta 2007 urteen artean Gernikan bost emakumeri sexu-erasoak egitea egotzi zion. Hala, lau erasogatik epaitu zuten, biktimetako batek salaketa kendu baitzuen epaiketaren egunean bertan.

2010ean, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion, hiru emakumeri sexu-ukituak egitea egotzita. Laugarren salaketan absolbitu egin zuen, biktimak ezin izan baitzuen identifikatu. Horregatik, epaitegiak "in dubio pro reo" (zalantza kasuetan, akusatuaren alde egin beharra dago) printzipioa ezarri zion.

Kondenaren arabera, Abasolok "ukipenak" egin zizkien biktimei, indarra erabiliz, eta bizkarretik helduta. Epaileak idatzi zuenez, hiru emakume horietatik biri etxeko atarian egin zien eraso, eta, hirugarrenari, kalean bertan, egunez. 2011n, José Luís Rodríguez Zapatero sozialistaren Gobernuak indultua eman zion, Francisco Caamaño orduko Justizia ministroak proposatuta.

Hain zuzen ere, 1808/2011 dekretuan, hiru urte eta hiru hilabeteko zigorra bi urteko zigor batengatik ordezkatu zuten, eta berreziketa programetan parte hartzea ezarri zioten. Horregatik, kirolariak ez zuen kondena bete, eta espetxean bost hilabete baino ez zituen eman, atxilotu zutenean.

Mugimendu feministaren aurkako salaketa

2015ean, Abasolok salaketa bat aurkeztu zuen Durangoko Mugimendu Feministako kide baten aurka, bere kontra agertu ziren pintada eta pankarta batzuk egotzita. Salaketa horren ondorioz, "Mugimendu feminista ez kriminalizatu" goiburupeko kanpaina bat abiatu zuten, eta 2.000 pertsonak baino gehiagok egin zuten horregaz bat. Iazko otsailean, auzitegiak artxibatu egin zuen Abasoloren salaketa, frogarik ez zegoelakoan.

Atxilotu zutenean, Abasolo Irungo Real Union taldeko izarretako bat zen, eta, klub horregaz, Bigarren Mailan jokatu zuen, 2009/2010 denboraldian. Athleticek ere fitxatu gura izan zuen, baina operazioa bertan behera utzi zuen, sexu-abusuen auziaren berri izan zuenean.

Indultuaren ostean, klub hauetan jokatu du Abasolok: Logroñes, Real Oviedo, Sestao River, Amurrio, Zamudio eta, pasa den ekainetik hona, Portugalete. Zamudion, umeen entrenatzaile kargurako ere fitxatu zuten, baina zeregin horretatik kendu zuten, alkateak eta klubak lortutako akordio baten ondorioz. Portugaleten, aurreko klubetan legez, arbuio sozial handia izan da, zale eta herritar ugari bere aurka agertu baita, talde feministek hala eskatuta. Portugaleteko Udalak ere "fitxaketa-politika berraztertzea" eskatu zion futbol-klubari.

Dena den, Portugalete Abasoloren alde agertu da: "gainerako herritarren eskubide eta betebehar berdinak ditu, eta inork ez du zilegitasunik herritar bati eskubideak ukatzeko". Gainera, "aurrekari judizialak" izateagatik ez duela inor "baztertuko" ohartarazi du.

Portugaleteko Mugimendu Feministak, ostera, hainbatetan salatu du jokalariari "indultua" eman ziotela, baina ez zutela "errugabe" jo. Halaber, gogorarazi du kirolaria ez dela inoiz "damutu", eta ez duela barkamenik eskatu. Horregatik, zalantzan jartzen du "gizarteratuta" dagoenik.

Sexu-erasoak ukatu egin ditu Abasolok

Jokalariak  zenbait elkarrizketa eman ditu, ukatzen dituen sexu-abusuen gainean azalpenak emateko. Hala, "errugabea" dela dio Abasolok: "akusatu eta kondenatu ninduten egin ez nuen kontu batengatik, bizitza osoan eroango dudan eragozpena da. Ez dut esaten neskek gezurra esan zutenik, ezta pentsatu ere, seguru aski sexu-abusu horiek izan ziren, baina ez nintzen ni izan. Eurek, lehenengo momentuan, beste pertsona bat identifikatu zuten, abusuen egile legez eta azkenean esan zuten ni izan nintekeela. Gernikan kasu gehiago egon ziren garai hartan eta besteek esan zuten ni ez nintzela izan".

Sexu-abusuez damutzeko eskatu duten zaleei eta talde feministei ere erantzun die: "ezin naiz damutu egin ez dudan kontu batengatik". Bere ustean, Justiziak ez du funtzionatu bere kasuan: "akusatuaren erruduntasuna beharrean, nire errugabetasuna zen frogatu beharrekoa", salatu du. Bestalde, azaldu du abokatuek aholkatu ziotela indultuaren bidea jorratzea, Espainiako Auzitegi Gorenera jo beharrean. Gobernuak hiru kontu hartu zituen oinarri indultu partziala emateko: "lehenengo, ukituak delitu txiki gisa tipifikatuta daudelako, eta delitu horiek, antza, indultua jasotzeko aukera dute. Bigarren kasuan, egon nintzen forentse eta psikiatra denen txostenak aldekoak izan zirelako. Hirugarrena, eta niretzat garrantzitsuena, hiru nesketako batek ere ez ziola indultu partzialari aurka egin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun