Sutea pabiloietako barrualdean isiotu da gaur goizean, 09:40 aldera. Sutea sortu den lekura hurbildu dira suhiltzaile-taldeak eta Getxoko Udaltzaingoko eta Babes Zibileko partaideak. Barruan zegoen pertsona bat atera dute kalera, onik.
Landa bera ere hurbildu da pabiloietara egoera bertatik bertara ezagutzeko. Adierazi du une honetan txosten eta azterketa teknikoen zain daudela udal ekipamendu hori zer egoeratan geratu den jakin eta balorazio bat egiteko, baita sutea zelan eta zerk sortu duen jakiteko ere.
Alkate getxoztarrak nabarmendu duenez "Udalak aurrera egin du, bere aurreikuspenen arabera, pabiloiak birgaitzeko proiektua bultzatzeko, gauzatu aldera. Proiektu horren esleipena bere azken fasean zegoen, pabiloiak kokatuta dauden lursailak erosteko Udalak abiatutako prozesu administratibo luze baten ondoren –lursailak jabego pribatukoak baitziren–, eta udal planeamenduak agintzen zuena betez”. Prozesu luze hori iazko abuztuan amaitu zen, Landak berak gogoratu duenez.
Alkatea, azkenik, pozik agertu da kalte pertsonalik ez delako izan sutearen ondorioz, eta suhiltzaile eta udaltzainak zoriondu ditu azkar jokatu dutelako. Halaber, barkamena eskatu die eragozpenegatik inguruko auzotarrei eta Metroko erabiltzaileei, zerbitzua eten behar izan dutelako Leioa eta Gobelako geltokien artean. Dagoeneko badabil.