Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Errekaganeko pabiloien etorkizuna erabakitzeko bilerak egiten dabil Getxoko gobernu-taldea

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 24a, 17:15
Pabiloiak bota dituzte daborduko.

Itzubaltzeta/Romoko Errekaganeko lurzorua eta pabiloien etorkizuna erabakitzeko egunotan egiten ari den batzarren berri eman du gaur Getxoko gobernu-taldeak Hirigintza eta Ingurumen Batzordean. Azaldu duenez, pabiloiak ia osorik eraitsi behar izan dira, joan den eguazteneko suteak eragindako kalteen ondorioz. Aipatutako batzordean jakinarazi dute udal teknikariek txosten bat prestatzen ari direla, inguru horren egoera urbanistikoa zehazteko; horien erabilera ekipamendu publikotzat dago sailkatuta Hiri-Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO).

HAPOan jasotako erregulazioaz gainera, lurzati horretan trenbide eta uren arloetako arauek ere eragina dutela azaldu du Gobernu Taldeak. "Txostena eskuetan izan orduko, elkarrizketekin jarraituko dugu, Garraio Partzuergoarekin (BGP) eta Metro Bilbaorekin, baita URA uraren euskal Agentziarekin ere, aukera urbanistiko horiek egiaztatzeko", adierazi du gaur Imanol Landa alkateak.

Alkateak "hiritarrekiko konpromisoa" berretsi du gaur. Gai horri dagokionez, pabiloiak erosi eta horiek beraien hiri-ingurunera egokitu eta estetikoki doitzeko konpromisoa dagoela gogoratu du. Azaldu duenez, ideia da erabilera mistoa izatea: zati bat gaztetxea kudeatzen duen gazte kolektiboarentzat, auzokideakaz bizikidetzarako marko orokorra adostuta; eta beste zati bat Udalaren erabileretarako.

Konpromiso honi, esan du Landak, "tinko eutsi diogu, hortaz, egungo egoerara egokitzeko beharrari utzi gabe, gertatutako suteak utzi digun jokaleku urbanistiko berria behin argituta. Horretan ari gara lanean, hartara, eta horretan ahaleginduko gara".

Joan den abuztuan erosi zituen Udalak Errekaganeko pabiloiak. Hala, orubea itxi eta gero, erantzukizun zibila aseguratuta dago, Udalaren jarduketaren ondorioei edo hirugarrenei egin zitzaizkiekeen kalteei aurre egiteko. Horren harira, Bizkaiko Garraio Partzuergoak suteak metro-zerbitzuan eragindako aldaketengatik sortutako gastuak ordaintzea Getxoko Udalari eska diezaiokeela eta, eskaera hori azkenean legezkoa dela jotzen bada, ordainketa bermatuta dago aipatutako aseguruagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun