Estatuaren "ustelkeria" salatzeko Lotsa Eguna egingo du martitzenean Getxoko Sortuk

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 27a, 14:45

Hainbat ustelkeri-kasu ezagutzera eman dituzte egunotan hedabide askok, eta horiek, "adibide txiki bat baino ez dira", deitoratu du Getxoko Sortuk, "elite espainiarrek historikoki egiten duten eta egun ere egiten ari diren harpilatze sistematikoarena". Hori dela eta, egoera hori salatzeko guran, Lotsa Eguna egingo dute datorren martitzenean, maiatzaren 2an, Getxoko PPren egoitzaren aurrean, 19:30ean.

Getxoko Sorturen arabera, ustelkeria ez da alderdi bakar batena, "Estatu oso bat da ustela. 78ko erregimena da ustela", salatu du. Era berean, "Estatu ustel horren ordezkari handienak" Euskal Herrian "lasaitasun osoz" ibiltzen direla deitoratu dute ezker abertzaleko kideek, "ez dute lotsarik sentitzen, ez dira erantzule sentitzen". Eurei, ordea, "lotsa" eragiten diela azaldu dute, "lotsa gure herrian egoteagatik".

Hori dena salatzeko, Lotsa Eguna egingo dute maiatzaren 2an, martitzenean. Horretarako hitzordua jarri dute Getxoko PPk Areetan duen egoitzaren aurrean, 19:30ean. Azaldu dutenez, ekimen isila egingo dute, "Espainiak lotsa eragiten digula adierazteko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun