Getxoko udako kirol-ikastaroetan izena eman daiteke daborduko

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 27a, 17:10

Getxoko kirol-ikastaro bat, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxo Kirolak udal-erakundeak 1.700 leku baino gehiago eskainiko dizkie abonatuei udako ikastaroetan, uztailean eta abuztuan zehar. Programazioaren barnean, tenis-, padel-, futbol- eta igeriketa-ikastaroez gainera, haurrentzako kirol-jarduerak ere izango dira.

Iaz legez, umeentzako aisiako azken ikastaroetan egunero ordu bat ingelesez egingo da neska-mutilakaz, eta umeak zaintzeko zerbitzua egongo da ere; zerbitzu hori jarduera baino ordu erdi lehenago hasi eta bukatu ondoren ordu erdi beranduagora arte egongo da zabalik. Gainera, kirolen udal-erakundeak Kirolet@n ikastaroa antolatuko du, Gobelan eta Faduran, 10 eta 14 urte bitartekoentzat. Ikastaro horrek askotariko kirol-jarduerak izango ditu eta nerabezaroan jarduera fisikoa praktikatzea du helburu. Nobedade gisa, Getxo Futbol Eskolak (Faduran) eta Romo eta Arenas klubek (Gobelan) "futboleando" izeneko ikastaroak emango dituzte.

Maiatzaren 10era arte aurkez daitezke eskaerak Faduran eta Gobelan herritarrak artatzeko dauden bulegoetan edo Getxokirolak.getxo.eus web orrialdearen bitartez. Izapidea online egiteko, NAN elektronikoa edo norberaren sarbide-gakoa beharrezkoak dira; azken hori kiroldegietako bulegoetan eskatu behar da, asteko edozein egunetan, 08:00etatik 21:30era bitartean. Online sarbide-gakoagaz, instalazioak erreserbatu ahal izateaz gainera, kirol-ikastaroetan altak eta bajak kudeatu ahal izango dira deialdi denetan (udako ikastaroak eta denboraldiko ikastaroak).

Maiatzaren 12an zozketaren emaitza argitaratuko da udal-webgunean eta Fadurako eta Gobelako informazio-tauletan. Plazak automatikoki esleituko dira eta, eskaera dagoen bitartean, pertsona bakoitzak soilik ikastaro batean izena eman ahal izango du. Ondoren, plaza libreak geratuz gero, esleipen-sistemak prozedura errepikatuko du, eta pertsona bakoitzeko hiru ikastaro esleitu ahal izango dira. Maiatzaren 12tik 18ra, erreklamazioak, bajak eta ordutegi-aldaketak egiteko epea ezarriko da. Maiatzaren 19tik aurrera eskaintza osatu arte dauden plazak eskainiko dira.

Gogoratu tenis, padel eta igeriketako Hasiera baino maila altuagoetan izena emateko, beharrezkoa dela maila ziurtatzea izena emateko unean. Horretarako, Kirol Arloagaz harremanetan jarri beharra dago eta maila egiaztatzeko proba egin egun batzuk lehenago. 

"Futboleando" ikastaroen kasuan, izen-emateak klubakaz zuzenean egingo dira. Fadurakoan parte hartzeko Getxo Futbol Eskolagaz harremanetan ipin daiteke coordinador.getxofutboleskola@gmail.com posta elektronikoaren bidez edo 615 982 663 telefonoan; eta Gobelakoan, interesdunek izen-ematea egin dezakete arenasromocampus@gmail.com e-mailaren edo 657 268 606 telefono zenbakiaren bidez.

Getxo Kirolak-ek liburuxka bat argitaratu du ikastaroen programagaz. Paperezko liburuxka Fadurako eta Gobelako bulegoetan jaso daiteke.

Ikastaroen katalogoa

Izena emateko orria

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun