Sortuk deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko hainbat txokotan PPk dituen egoitzen aurrean, tartean, Getxon. Bertan, ezker abertzaleko kideek popularren eta Estatuaren ustelkeria salatu, EAJren jarrera kritikatu, Espainiako Gobernuaren aurrekontuei "bide emateagatik", eta "jendea zainduko duen Estatu propio zintzoa" aldarrikatu dute, besteak beste.
Getxoko Sorturen arabera, ustelkeria ez da alderdi bakar batena, "Estatu oso bat da ustela. 1978ko erregimena da ustela", salatu du. Era berean, "Estatu ustel horren ordezkari handienak" Euskal Herrian "lasaitasun osoz" ibiltzen direla deitoratu dute ezker abertzaleko kideek, "ez dute lotsarik sentitzen, ez dira erantzule sentitzen". Eurei, ordea, "lotsa" eragiten diela azaldu dute, "lotsa gure herrian egoteagatik".
Getxoko PP herri-batzordea egiten zebilen elkarretaratzearen unean. Hala ere, "presio" horiek lan egitea "galarazi ez" diela aldarrikatu zuen atzo Eduardo Andrade zinegotzi popularrak sare sozialen bitartez.