Getxoko VIII. Eskolarteko Kirol Jokoei ekingo diete gaur 1.300 bat ikaslek

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 5a, 11:00
Getxoko Eskolarteko Kirol Jokoen artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Getxo udalerriko ikastetxeek abiatuko dituzte gaur Eskolarteko Kirol Jokoak; zortzigarren aldia da ekimen hori martxan ipiniko dutena. Fadurako kiroldegian egingo dituzte olgeta-saioak gaur bertan, gaur zortzi, maiatzaren 12an, eta maiatzaren 19an, denak bariku. Ekimen horren helburua da kirol-praktika ez lehiakorra sustatzea, Lehen Hezkuntzako 2., 4. eta 6. mailetako umeen artean. Getxo Kirolak udal-erakundearen laguntza daukate ikastetxeek.

Gaur, barikuan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen probak izango dira; 12an, 4. mailakoen txanda izango da; eta 19an, 2. mailakoak hurbilduko dira Fadurara.

1.300 ikasle inguruk parte hartuko du Eskolarteko Kirol Joko horietan, zenbait probatan: atletismo, herri-kirolak eta errugbia. Gainera, aurreikusita dago Lehen Hezkuntzako 2. mailako umeek psikomotrizitate-probak egitea eta jolas eta gaztelu puzgarriez gozatzeko aukera izatea.     

Topaketa horietan ez da sailkapenik ezta kanporaketa-saiorik egongo. Asmoa da eskola-komunitatea zenbait kirol-modalitatetara hurbiltzea eta horien praktika giro ludiko eta parte-hartzaile batean sustatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun