Aurtengo bisita gidatuetan zenbait eduki izango dira hilero; maiatzean galerien apaingarriak osatzen dituzten zeramikazko elementuak ziren protagonista. Astelehenean, zeramikak erakusteko erabiltzen diren kutxak apurtuta agertu ziren eta baztertu egin behar izan dituzte; ondorioz bisita gidatuak bertan behera utzi dira barikura arte.
Kalteak EHUko ikertzaileek erakusketarako sortu dituzten azalpenezko elementuetan izan dira. Izan ere, kutxa horien helburua da proiektuaren aurrerapenak azaltzea eta Begoñako zeramiken alderdi ezberdinak erakustea, hala nola berauen jatorria, osaera eta apaindurak.
Joseba Arregi Getxoko Hirigintza zinegotziak gaitzetsi egin du "ekintza bandaliko" hori eta zera gehitu du: "gure ondare nabarmenenaren elementuak nahita hondatu dituzte eta errudunak ahalik eta azkarren topatzeko lan egingo dugu".
Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean ari dira gertatutakoa ahalik eta arinen argitzeko asmoz eta Getxoko Udalak suspenditu diren bisita gidatuetan izena eman zuten pertsonak deitu ditu, gertatutakoa azaldu eta beste egun batean apuntatzeko aukera emateko.