Begoñako galerietako bisita gidatuak bertan behera utzi dituzte, ekintza bandaliko baten ondorioz

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 10a, 10:40

Begoñako galerien kanpoaldea.

Begoñako galerietako bisita gidatuak bertan behera utzi behar izan dituzte etzira arte, barikura arte. Hala erabaki zuten Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, joan den domekan, galerietan bertan izan zen ekintza bandaliko bat dela eta.

Aurtengo bisita gidatuetan zenbait eduki izango dira hilero; maiatzean galerien apaingarriak osatzen dituzten zeramikazko elementuak ziren protagonista. Astelehenean, zeramikak erakusteko erabiltzen diren kutxak apurtuta agertu ziren eta baztertu egin behar izan dituzte; ondorioz bisita gidatuak bertan behera utzi dira barikura arte.

Kalteak EHUko ikertzaileek erakusketarako sortu dituzten azalpenezko elementuetan izan dira. Izan ere, kutxa horien helburua da proiektuaren aurrerapenak azaltzea eta Begoñako zeramiken alderdi ezberdinak erakustea, hala nola berauen jatorria, osaera eta apaindurak.

Joseba Arregi Getxoko Hirigintza zinegotziak gaitzetsi egin du "ekintza bandaliko" hori eta zera gehitu du: "gure ondare nabarmenenaren elementuak nahita hondatu dituzte eta errudunak ahalik eta azkarren topatzeko lan egingo dugu".

Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean ari dira gertatutakoa ahalik eta arinen argitzeko asmoz eta Getxoko Udalak suspenditu diren bisita gidatuetan izena eman zuten pertsonak deitu ditu, gertatutakoa azaldu eta beste egun batean apuntatzeko aukera emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun