Emozioen eta adikzioen prebentzioaren gaineko jardunaldia egingo dute Algortan

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 10a, 10:50

Emozioak ezagutu eta horiek kudeatzeko heziketa-jardunaldia egingo dute maiatzaren 19an, barikuan, Getxo udalerrian. Goizeko 09:00etan hasiko da saioa, eta 13:30era arte iraungo du, Algortako Villamonte kultur etxean. Hezkuntza emozionala heziketa prozesua da, etengabekoa eta iraunkorra; horregatik "uste dugu emozio-gaitasunak dituen pertsona prestatuago dagoela drogen kontsumoan ez sartzeko, ezta arrisku jarrerak, adikzioak, antsietatea, depresioa… edukitzeko ere", nabarmendu du jardunaldiari hasiera emango dion Elena Coriak, Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Etorkintza fundazioak koordinatuko du heziketa-jardunaldia; egitarauaren barruan, Belén Piñeiro irakasle eta hezkuntza emozionalean adituaren solasaldia izango da, eta baita mahai inguru bat ere, hurrengo partaideakaz: Gurutze Diez, San Nikolas ikastolako irakasle eta Sentitu proiektuaren arduraduna; Endika Zinkunegi, Ikastolen Elkarteko Emozioak biziz bizi programaren formazio emailea; eta Iragartze Garai Etorkintza fundazioaren Baretuz proiektuaren arduraduna. Gainera, gaiari buruzko liburu eta materialen erakusketa ikusgai ere egongo da, Getxoko Liburutegien Zerbitzuak antolatuta.

Izen-ematea doakoa da eta maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik hori egiteko epea. Argibide gehiagorako sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun