Zelan bururatu zitzaizun azkenengo liburu honetarako ideia?
Metroan pertsona bi entzun nituenean berbetan. Batek esan zuen Juan Sebastián Elkano kalean bizi zela eta hura nor zen ideiarik ere ez zuela. Orduan otu zitzaidan. Ahalegindu nintzen jakiten zenbat kalek zeukaten pertsona-izena, zeintzuk ziren eta horien gainean ikertu ahal bazen, historia bat osatu eta gaur egun modan dagoen memoria kolektiboa berreskuratzeko.
Guztira, zenbat denbora eman duzu liburu hau osatzeko?
Hiru urte eta erdi. Hiru urte, liburua egiteko; eta sei hilabete, argazkietarako. Liburuak 320 argazki ditu: biografia denek dagokien kalearen argazkia daroate, irakurlea koka dadin. Gainera, ahalegindu naiz antzinako argazkiak ipintzen, garaia islatzeko. Erretratuak lortu ditudanean ere ipini ditut.
Zein prozedurari jarraitu diozu?
Teknologiak gure esku utzi dituen tresna denak erabili ditut. Internet da lehenengo pausoa, baina ez da beharrezkoena, ezta onena ere; kontu handia izan beharra dago sarean topa daitekeenagaz. Batez ere, mota denetako artxiboen informazioan oinarritu naiz: Derioko elizbarrutikoarena, sakramentu-erregistroetarako; Eusko Jaurlaritzarena; Aldundiarena; Simancasko artxiboarena; Valladolid, Salamanca eta Segoviako artxibo militarrena. Bestalde, museoak eta fundazioak ere arakatu ditut. Oso baliagarriak izan dira denak. Artxiboetan datu gutxi edo bat ere topatu ez dudanean, familiengana jo dut. Denek hartu naute maitasun eta errespetu handiz; nik ere eurek esandako guztia errespetatu dut. Horrelakoetan, sendiei bidali dizkiet nik idatzitakoa, esan zezaten zuzentzeko edo gaineratzeko zer edo zer bazuten, edo zehaztasunen bat ahaztuta bazuten. Harreman oso ona egon da familiakaz eta erabat eskertuta nago.
Zein pertsona kostatu zaizu gehien?
Baten batzuk ez dira errazak izan, egia esateko. Arreta handiena eskatu didate Máximo Agirrek, Areetarentzat izan zuen garrantziagatik, eta Evaristo Churrucak itsasadarrarentzat, inguruarentzat eta Bizkaiarentzat izan zuen inportantziagatik. Horietaz aparte, beste bik zarrada handia sortu didate. Lehenengoa, Juan Bautista Zabala da: algortarra Kubaraino joan zen mutikoa zela; han, azukre-ingenioei esker diru asko irabazi zuen. Algortara bueltatu zen kapital handi bategaz. Ezkondu bakoa eta seme-alaba barik, 1910ean bere ondarea utzi zuen, neska eta mutil behartsuentzat eskola bat egiteko. Gaur egun ez dago garai hartako pobreziarik eta analfabetismorik, baina 107 urte beranduago ondare horrek hainbat laguni on egin die. Bigarrena, kupo ezagunari lotuta dago: Novia de Salcedo. Aparteko ikasketarik ez zuen arren, euskal foruen defendatzaile sutsuenetako bat izan zen, Madrilek kendu gura izan zituenean. Gaur egun oraindino foruak baldin baditugu eta kupoa zein kontzertu ekonomikoa negoziatzeko aukera badugu, besteak beste, Novia de Salcedok horretan lagundu zuelako da.
Zein da emakumeen presentzia?
Gutxi aurreratu da horretan. Azken urteotan, kale edo plaza bana ipini diete hiru emakumeri: Sor María Josefak, Neguriko Karmen elizaren aurrean dauden mojen kongregazioaren sortzaileak, plaza txiki eta polita dauka; Sorne Unzueta Utarsusek Malakate ondoko oinezko kale bat dauka; eta azkenik, María de Ibarra kale berria izango da. Herri-kontsulta baten bidez ipini diote izen hori orain arte Txikia plaza zenari. Emakume horren berri eman zuen Cristina Ayuso historiagileak, emakume getxoztarren gaineko liburuxka batean. Bertan dio emandako tratu txarrengatik senarra epaiketara eroan zuen lehenengo emakumea izan zela. Baina, 35 urte lehenago, Pascuala de Arrezubieta andreak ere salatu zituen tratu txarrak, suhiaren aldetik jasandakoak kasu horretan. Uste dut genero-bortizkeria bera dela senarrak egindakoa ala suhiak egindako izanda. Hala, Pascuala de Arrezubietari kale bat izateko ohorea kendu diotela uste dut.