Gazte bat atxilotu dute Algortan hainbat ibilgailutan kalteak eragin eta lapurtzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 10a, 12:50

Getxoko Udaltzaingoak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo, martitzenean, Algortan, bost ibilgailutan eta hiru motozikletatan kalteak eragitea leporatuta. Udal-iturriek jakinarazi dutenez, gainera, horietariko bitan objektuak lapurtu ei zituen, baita farmazia baten kristalean eta beilatoki bateko argiztapen foku batean kalteak eragin ere.

Atzo goizeko 06:45ak aldera, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen, Algortako Ollarretxe errepideko 23. zenbakian aparkatuta zeuden anbulantzia biren kontra harri bi bota zituen gazte bat zegoela abisatzeko. Ondoren, beste auzokide batek deitu zuen, pertsona bat Fadura inguruan aparkatutako ibilgailuen kristalak apurtzen zebilela esateko.

Patruila bi bertaratu ziren, eta gazte bat topatu zuten bertan. Berak agenteak ikusi orduko objektu bat bota ei zuen lurrera, antza, kristala apurtu zuen kotxe batean lapurtutako txartel-zorroa. Poliziek irrati-kasete baten karatula ere atzeman zioten gazteari, "ziurrenera kristala apurtu zuen beste auto batena", zabaldu dutenez.

Agenteek ingurua miatu zuten eta beste hiru auto kaltetuta eta hiru motozikleta lurrean botata aurkitu zituzten, eta baita farmazia bateko erakusleiho batean eta beilatoki bateko lorategi baten fokuan kalteak ere.

Udaltzainek gaztea atxilotu zuten, hainbat objektu eta abisuan emandako deskribapenaren jantzi eta ezaugarri fisikoak zituelako. Hainbat kalte eta indarkeriaz egindako lapurreta bi egotzi dizkiote gazteari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun