Arrigunaga eta Ereaga, Bandera Urdina jantziko duten Bizkaiko hondartza bakarrak

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 10a, 17:14

Udal arduradunak Bandera Urdina jartzen Ereaga hondartzan, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxoko Arrigunaga eta Ereaga dira aurten Bandera Urdina izango duten Bizkaiko hondartza bakarrak. ADEAC-FEE, Ingurugiroko Hezkuntzako eta Kontsumitzaileen Elkarteak ematen du aitortza hori. Ereaga hondartzan hamargarren urtez izango da bandera urdina; Arrigunagakoan, berriz, zortzigarrenez.

Ingurumena eta natura errespetatuz, itsasertzaren eta hondartzen gestioan egindako ahaleginagatik ematen da ikur hori. Bandera Urdinak egiaztatzen du aurretik ezarritako estandar batzuk bete izana, tartean,  bainatzeko uraren kalitate ona, garbitasuna, ingurumen informazio eta hezkuntza, segurtasuna, zerbitzuak eta instalakuntzak. Bandera Urdinaren azken helburua da turismoaren garapen jasangarria eta hondartzetan eta inguruetan ingurumenagaz kudeaketa errespetutsua lortzea.

"Itsasoko uraren eta hondartzako inguruaren kalitatea egiaztatzeaz gainera, bandera hau eskuratzeak egiaztatzen du Getxoko Udalak duen konpromisoa, ingurumenaren jasangarritasunarekin eta ingurumen sentsibilizazio, trebatze eta heziketarekin; urte osoan zehar aurrera eramaten ari den etengabeko lana da, ez soilik udan egiten dena, udalerri jasangarriago bat lortzeko", adierazi du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak.  Horrez gainera, "bandera urdinaren sari honek gure bi hondartza hauen garrantzia areagotzen du udalerriko baliabide turistiko nagusietako bezala, non datozen bisitariak gero eta gehiago diren", azpimarratu du Landak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun