Virginia Díaz arraunlaria, bederatzigarren, Munduko Kopan

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 10a, 17:00

Orain sein aste Banyolesen nagusitu zen Virginia Díaz. © RASPAS ARRAUN ELKARTEA

Virginia Díaz arraunlaria Munduko Kopako hamar onenen artean sartu da, bere arerio denek maila olinpikoa izan duten arren. Díaz bederatzigarren sailkatu zen pasa den domekan Belgradon (Serbia) jokatutako B finalean; lehenengoak izan diren bi lehiakiderengandik 1,5 segundo eskasera sartu zen helmugan.

Raspasekoak hiru estropada egin zituen guztira eta horietan denetan "maila oso ona erakutsi zuen", klubak zabaldu duenez, bere arerio zuzenenek alde txikia atera baitzioten.

Munduko Kopa amaitu eta gero, daborduko Díazek bere asmo eta gogoak ipini ditu hurrengo helburuan: Europako Txapelketa. Lehiaketa hori maiatzaren 26tik 28ra jokatuko da, Txekiar Errepublikako Račice herrian. Getxoztarraren asmoa da lehiaketa horretako finalerako txartela lortu eta lehenengo hamarren artean sailkatzea, hemen ere "top-ten"-aren barruan izateko, Munduko Kopan egindakoaren ildotik. Europakoa prestatzeko, hiru aste inguru izango ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun