Sanisidroak hasiko dira gaur, Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 12a, 10:20

Gaur, barikuan, 17:00etan botako dute txupina.

Jaien usaina hedatzen dabil egunotan Getxo inguruan; akordura musika, festa, dantza eta egundoko giroa! Udaren atarian, maiatzaren erdialdean, helduko dira San Isidro jaiak: nekazari, laborari eta baserritarren omenezko festa-egunak, udalerriari izena ematen dion gunean, Getxon. Aurton, Geroako 5. mailako ikasleek txupina botatzeagaz batera hasiko dira jaiak hilaren 12an, 17:00etan.

Aurreko egunetan ere gozatzeko aukera egon da. Izan ere, joan den zapatuan, hilaren 6an, dantzariak ibili ziren kalerik kale, Malakatetik hasita; ondoren, dantzaldia egin zuten kiroldegiko aparkalekuan. Eguenean, ostera, pilota-partidak izango dira frontoian. Dena den, jaien mamia barikutik aurrerako egitarauak osatzen du. Aurten udalerri osoan da jai-eguna maiatzaren 15a; hori dela eta, astelehenera bitarteko ekitaldiz betetako lau egun prestatu ditu jai-batzordeak. Horrenbestez, inguruotan aspertzeko tarterik ez da faltako, herri-bazkaria, jokoak, mus-txapelketa, kontzertuak, dantzaldiak, grafitiak...

Jai-batzordeko kideek jakinarazi dutenez, aurten ere gaueko autobus-zerbitzua egongo da sanisidroetan, "auzoko konexioa gauez hobetzeko eta etxera bueltako bidea lasaitasunez egin ahal izateko". Bestalde, Geroako ikasleen marrazkiak ikusteko aukera ere egongo da egunotan kiroldegiko sarrerako leihoetan.

Herri bazkarirako tiketak salgai egongo dira Lorea, Larra, Malakate, Taberna Berri eta Hator tabernetan, 8 euroan. Txosnan ere erosteko aukera egongo da, 10 euroan.

Egitaraua

Iazko sanisidroen bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun