Gizarte errespetutsuagoa sortzeko konpromisoa hartu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 17a, 17:50
Getxoko udaletxea, artxiboko irudian.

Duela 27 urte, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea. Harrez geroztik, maiatzaren 17a oso egun esanguratsua bilakatu da lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat: data hori ardatz katalizatzaile bilakatu da kolektibo horren eskubideen alde eta gaur egun oraindik ere nozitzen duen diskriminazioaren aurka. Horren harira, Getxoko Udalak bestelako gizarte errespetutsuagoa, justuagoa eta integratzaileagoa sortzeko konpromisoa hartu du.

Getxoko Udalaren arabera, eragile sozial guztien eginbeharra da bestelako gizartea sortzea, errespetutsuagoa, justuagoa eta integratzaileagoa. Horretarako, "gure lan-agendetan konpromiso esplizitua hartu behar dugu LGTBI kolektiboarekiko, aurrera egin dezagun kolektibo horrek sufritzen dituen mota desberdinetako diskriminazioen aurka", azaldu dute.

Horregatik guztiagatik, Getxoko Udalak, EAJ, GUK, EH Bildu, PSE-EE eta Ciudadanos alderdien aldeko botoakaz, eta PPren abstentzioagaz, konpromisoa bere egin du eta LGTBI kolektiboari informazioa eta laguntza ematekoa izanik, gizarte osoa animatu gura du kolektibo horren aldeko konpromisoa hartzera, hau da, sexu‑ eta genero-aniztasunari buruzko kontuak lantzera, bai eta helburu hori gizartearen eremu guztietan gauzatzeko behar diren baldintza egokiak sortzera ere.

Getxoko Udalak LGTBI eskubideak bermatzeko politikak ere bultzatuko ditu. Bide batez, gizarte eredu justu eta anitz baten alde lan egingo duela iragarri du, "homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobia amaitzeko lan egiten duten pertsona eta eragile guztiakaz batera".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun