Euskara kalera ateratzeko Berbodromoa egiten ari dira Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 18a, 13:02

Dozenaka lagun bildu dira gaur goizean Algortako San Nikolas plazan.

Gaur, eguenean, Euskararen Berbodromoaren seigarren edizioa egiten ari dira Getxon. Horren helburua da euskaraz berbetan elkartzea eta hizkuntza kalera ateratzea. Egizu elkarteak antolatuta, ekimenak hiru saio izango ditu, euskaraz mintzatzeko gogoa duten guztioi begirakoak, berbarako euskara ikasten dabiltzanei, berbalagunei, euskaldun zaharrei eta berriei. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, goizeko bi saioetan 150 lagun bildu dira; hala ere, aurten egun osoan zehar 400 lagun elkartzea da euren helburuetako bat.

Goizean saio bi egin dituzte: 09:00etan eta 11:00etan, Algortako San Nikolas plazan; hirugarrena, berriz, 19:00etatik aurrera izango da, Itzubaltzeta/Romon, Aurrezki Kutxa, Gobelondo eta Kalamua kaleen artean. Gaiak hurrengo hauek izango dira: "Runnerak, izurrite berria gure herriko pasealeku guztietan", "Eguraldia hizpide izaten da maiz; zergatik?", eta "Getxoko aparkalekuen arazoa".

Goizeko saioen argazki-galeria:

Berbodromoa Algorta 2017

Goizeko saioen bideoa (© GETXOKO UDALA):

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun