Urteko topaketa honetan herriko 12 ikastetxetako berrogeita hamar bat ikaslek hartu dute parte: Larrañazubi, Zubileta, Romo, Juan Bautista Zabala, Azkorri, Santísima Trinidad, Ntra. Sra. de Europa, San Ignacio, Geroa eta San Nikolas eskolak eta Aixerrota eta Julio Caro Baroja institutuak.
Ondo etorria egin ostean, alkateak ikasturtean ingurumenaren eta iraunkortasunaren alde egindako lana eskertu die ikasleei, eta etorkizunean ahalegin horri eusteko ere dei egin die.
Saioan zehar, ohikoa denez, eskola-umeek ikasturtean zentroetan hartutako konpromisoak eta udalerria hobetzeko Udalari luzatutako proposamenak helarazi dizkiete bertako agintariei.
Azken horien artean, ikasle getxoztarrek eskatu dute, besteak beste, Udalak publizitatea egitea produktu ekologikoen salmenta bultzatzeko, eta laguntza erraztea eskoletan ortuak sortzeko; paperezko poltsen erabilera bultzatzea, plastikozkoak desager daitezen; kaleetan edukiontzi gehiago jartzea, hautsontziak dituztenak zigarrokinak bota ahal izateko, eta gainera, braille eta soinu sistema bat izango dutenak itsuentzat, horiek hondakinak non bota jakin dezaten; eta hondartzetan paperontzi gehiago jarri eta gehiago zaintzea jendeak zaborrik ez botatzeko (batez ere gauez).
Konpromisoen atalean, ikasleek, besteak beste, honako hauek hartu dituzte: kontsumoa murriztea, behar ez dituzten gauzak ez erosita; produktu ekologiko edota bertakoen kontsumoa bultzatzea; energia aurrezteko, argiak amatatuz behar ez direnean; hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzea; eta, azkenik, planeta eta natura zaintzea.
Alkateak eta Ingurumen zinegotziak, ikasleek iaz egindako eskaeren inguruan egindako lanaren berri eman dute, ikasleek egindako galderei erantzun diete, eta gaurko topaketan egindako proposamenak ere aztertuko dituztela agindu dute.
Horien harira, Imanol Landak adierazi du, esate baterako, Udalak dagoeneko laguntzen duela eskoletan ortuak sortzen, Ingurumen Arloak emandako diru-laguntza lerro bati esker. Halaber, gogoratu du urtero egiten dela azoka ekologiko bat Getxon, bertako elikagai eta produktu ekologikoen kontsumoari buruz kontzientziatzeko. Edukiontzi gehiago jartzeko eskaerari dagokionez, alkatearen ustez,"udalerrian ipini diren edukiontzi berriekin, edukiontzi kopurua nahikoa da auzotar guztiei birziklatzeko aukera emateko".