Martxan da Algortako saninazioetako kartel-lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Algortako Jai Batzordea 2017ko mai. 22a, 18:11

Ikurrinari omenaldia saninazioen aurreko edizio batean. |

Mezu honen bitartez, Algortako San Inazioetako kartel-lehiaketaren oinarriak helarazi gura dizkizuegu. Aurton ere gogokoen daukaten kartela bozkatzeko aukera edukiko dute herritarrek, San Nikolas plazan, uztailaren 1ean. Ekainaren 22ra arte egongo da lanak aurkezteko aukera, Villamonteko kultur etxean.

Parte-hartzaileak

Edozeinek parte har dezake eta gaia librea da. Egile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake.

Kartelen ezaugarriak

Kartelek DIN A3 (29,7 x 42 zentimetro) neurria (ez-etzana) eduki beharko dute. Gaia librea bada ere, ondoko goiburuak jarri beharko dira, derrigorrez:

  • Algortako Saninazioak 2017
  • Uztailak 28-31
  • Jaietan ere euskaraz!

Beharrezkoa da CDa aurkeztea kartelakaz batera, horien irudi digitalizatuagaz.

Aurkezteko epea

Ekainaren 22ra arte, Algortako kultur etxean (Villamonte kalea, A-8). Ordutegia: maiatzean, 09:00-14:00 / 16:00-19:00, astelehenetik eguenera; eta 08:30-14:30, barikuetan. Ekainean, 08:30-14:30, astelehenetik barikura.

Kartelak zelan aurkeztu

Kartelei ez zaie ipiniko egilearen izenik, ezta CDei ere; bakar-bakarrik goiburua jarriko zaie. Horregaz batera, goiburu berbera daraman kartazal bat aurkeztuko da, eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa.

Herri-bozketa

Uztailaren 1ean, 12:00etatik 14:30era, lehiaketara aurkeztutako kartel denak egongo dira ikusgai, San Nikolas plazako frontoian. Gogokoena bozkatzeko gerturatu ahal izango dira herritarrek.

Saria

Kartel-lehiaketaren irabazleak 300 euro jasoko ditu eta jaietako irudia (liburuxketan, karteletan...) izango da bere lana. Zehaztasunak irabazleari jakinaraziko zaizkio. Saritu barik geratzen diren kartelak, ostera, egileei itzuliko zaizkie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun