Joan den zapatuan, hilaren 20an, Areetan gizonezko batek eraso egin ziola salatu du emakume batek. Ertzaintza jazoera ikertzen hasi da, baina momentuz ez da atxiloketarik egon. Hala ere, emakumearen kontrako eraso hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute auzokideek gaur, eguaztenean, 20:00etan Areetako Xake plazan, "Erasorik ez erantzunik gabe!" lemapean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza joan de zapatuko erasoa ikertzen hasi da; hala ere, oraindino ez dute inor atxilotu. Hainbat hedabidetan sexu-erasoa izan zitekeela zabaldu dute, hala ere, ez dago ziurtatzerik erasoa sexuala izan zitekeen edo ez.
Biktimaren ingurukoek jakinarazi dutenez, erasoa zapatu gauean izan zen, 00:00ak aldera, Areetako Gobela kalean, Divina Pastora ikastetxearen parean. Azaldu dutenaren arabera, beltzez jantzitako eta burua estalita zeraman gizonezko bat hurbildu zitzaion emakumeari, eraso egiteko asmoz. Hala ere, emakumeak ihes egitea lortu zuen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.