Gobernu-taldeak oposizioaren lana "oztopatu" egiten duela deitoratu du Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 24a, 17:36

Getxoko Udalbatza, artxiboko irudian.

Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) oposizioaren lana "oztopatzen" duela salatu du EH Bilduk: "ez zaio axola erakunde autonomoetako estatutuak bazterrean uztea edo bozketa ukatzea".

Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, atzoko, martitzeneko, artezkaritza-kontseiluetan gertatutakoa "adierazgarria" izan zen: Getxoko Kultur Etxeko presidenteak uko egin zion zuzendaritza-batzordean EH Bilduk eta GUK taldeek egindako eskaera bati. EH Bilduk dioenez, eztabaidatzeko puntu bi sartu gura zituzten, udal-euskaltegiko langileen soldataren erkatzearen ingurukoak. Eskariak erregistro bidez "garaiz" aurkeztu zituztela, baina puntuak gai-zerrendan sartu ez zituztela salatu dute. Horren arabera, Getxoko Kultur Etxeko buruak "ez zuen estatutuen agindua bete, bertan ez baitzaio ematen presidenteari erabaki hori hartzeko ahalmenik, baina ez hori bakarrik, estatutuen interpretazio bitxia egin zuen, beste batzuetan defendatutakoaren kontrakoa, alegia", deitoratu dute EH Bildukoek.

Bestetik, Jesusen Bihotzaren udal-egoitzaren artezkaritza-kontseiluan araudi berria bozkatzeko zutenez, EH Bilduk proposamen bi egin zituen: "lehena bozketa atzeratzeko, araudi hori ganoraz aztertu eta proposamenak egiteko aukera izateko, aste beteko epearekin bidali zitzaigulako". Baina, presidenteak "epea luzatzeari muzin egin zionez, araudiari egin genizkion ekarpenak eztabaidatzeko eta bozkatzeko eskatu genuen. Ez bata ez bestea, araudia bere horretan bozkatu zen (hizkuntzen arteko kontraesanak zituen arren) eta gure ekarpenak aurrerago kontuan hartuko zirela esan zigun presidente-andreak, araudiaren balizko berrikuspen batean".

Hala, EAJren kutsu demokratiko "eskasa" deitoratu du EH Bilduk; "nahi beste oztopo jarri ahal dizkigu, baina jarrera autoritario guzti horiei aurre egingo diegu, eta gaindituko ditugu, gure ekinbidea indarberrituz", iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun