Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, atzoko, martitzeneko, artezkaritza-kontseiluetan gertatutakoa "adierazgarria" izan zen: Getxoko Kultur Etxeko presidenteak uko egin zion zuzendaritza-batzordean EH Bilduk eta GUK taldeek egindako eskaera bati. EH Bilduk dioenez, eztabaidatzeko puntu bi sartu gura zituzten, udal-euskaltegiko langileen soldataren erkatzearen ingurukoak. Eskariak erregistro bidez "garaiz" aurkeztu zituztela, baina puntuak gai-zerrendan sartu ez zituztela salatu dute. Horren arabera, Getxoko Kultur Etxeko buruak "ez zuen estatutuen agindua bete, bertan ez baitzaio ematen presidenteari erabaki hori hartzeko ahalmenik, baina ez hori bakarrik, estatutuen interpretazio bitxia egin zuen, beste batzuetan defendatutakoaren kontrakoa, alegia", deitoratu dute EH Bildukoek.
Bestetik, Jesusen Bihotzaren udal-egoitzaren artezkaritza-kontseiluan araudi berria bozkatzeko zutenez, EH Bilduk proposamen bi egin zituen: "lehena bozketa atzeratzeko, araudi hori ganoraz aztertu eta proposamenak egiteko aukera izateko, aste beteko epearekin bidali zitzaigulako". Baina, presidenteak "epea luzatzeari muzin egin zionez, araudiari egin genizkion ekarpenak eztabaidatzeko eta bozkatzeko eskatu genuen. Ez bata ez bestea, araudia bere horretan bozkatu zen (hizkuntzen arteko kontraesanak zituen arren) eta gure ekarpenak aurrerago kontuan hartuko zirela esan zigun presidente-andreak, araudiaren balizko berrikuspen batean".
Hala, EAJren kutsu demokratiko "eskasa" deitoratu du EH Bilduk; "nahi beste oztopo jarri ahal dizkigu, baina jarrera autoritario guzti horiei aurre egingo diegu, eta gaindituko ditugu, gure ekinbidea indarberrituz", iragarri dute.