Udalak Getxo txukun programa abiatu du Santa Ana auzoan, Areetan

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 24a, 18:47

Postontzia jarri dute Santa Ana plazan, besteak beste. © GETXOKO UDALA.

Getxo txukun. Auzoz auzo, kalez kale izeneko parte-hartze programa jarri du martxan Getxoko Udalak Santa Ana auzoan (Areetan). Horretarako, hainbat postontzi jarri dituzte Areetan: Areetako metro-geltokiko sarreraren ondoan, Santa Ana plazan eta Jolastokieta eta Gobela kaleen arteko kantoian. Postontziak ekainaren 19ra arte egongo dira.

Iradokizunak Udalak horretarako banatutako ebakigarrian idatziz eta postontzietan sartuz egin daitezke. Gainera, hilaren 27an, zapatuan, Gobela eta Santa Ana kaleen artean karpa bat jarriko dute bertan zuzenean ideiak botatzeko, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Era berean, gura duenak online bidez ere parte hartu ahal izango du prozesuan.

Jasotako iradokizunak teknikoki kuantifikatu, aztertu eta baloratuko dira lehentasunak jartze aldera, eta egutegi bat finkatuko da egin daitezkeen proposamenetan esku hartzeko.

Amaia Agirre Herritarren Parte Hartze Arloko zinegotziak adierazi duenez, "obra txikietarako dagoen aurrekontuagaz auzoan egin daitezkeen hobekuntzak jasoko dira. Era horretan, ezin izango dira jaso, esate baterako, kaleak, parkeak edota auzoak osorik berriz urbanizatzea ... Era berean, ez dira sartuko programan ekipamendu handiei lotutako eskaerak (kiroldegia, igerilekuak, osasun zentroak...), teknikoki edota ekonomikoki bideragarriak ez diren proposamenak, edo Udalaren eskumenekoak ez diren esku-hartzeak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun