Iradokizunak Udalak horretarako banatutako ebakigarrian idatziz eta postontzietan sartuz egin daitezke. Gainera, hilaren 27an, zapatuan, Gobela eta Santa Ana kaleen artean karpa bat jarriko dute bertan zuzenean ideiak botatzeko, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Era berean, gura duenak online bidez ere parte hartu ahal izango du prozesuan.
Jasotako iradokizunak teknikoki kuantifikatu, aztertu eta baloratuko dira lehentasunak jartze aldera, eta egutegi bat finkatuko da egin daitezkeen proposamenetan esku hartzeko.
Amaia Agirre Herritarren Parte Hartze Arloko zinegotziak adierazi duenez, "obra txikietarako dagoen aurrekontuagaz auzoan egin daitezkeen hobekuntzak jasoko dira. Era horretan, ezin izango dira jaso, esate baterako, kaleak, parkeak edota auzoak osorik berriz urbanizatzea ... Era berean, ez dira sartuko programan ekipamendu handiei lotutako eskaerak (kiroldegia, igerilekuak, osasun zentroak...), teknikoki edota ekonomikoki bideragarriak ez diren proposamenak, edo Udalaren eskumenekoak ez diren esku-hartzeak".