Gazte bat atxilotu dute Algortan osasun publikoaren aurkako delitua egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 31a, 15:28

Getxoko Udaltzaingoak gazte bat atxilotu zuen atzo, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. Iturrien arabera, gazteak sustantzia estupefaziente baten 15 mono-dosi zituen, saltzeko prest.

Gertaera 09:45ak aldera jazo zen. Udaltzaingoaren patruila bat zaintza-lana egiten ari zen Algortako erdiguneko parke batean. Orduan, gazte talde bat ikusi zuten eta, horiek, agenteak bertan zeudela ikusita, ihes egiten saiatu ziren, polizia-iturrien arabera.

Udaltzainak hurbildu zirenean motxila bat zeraman gazte batek korrika alde egin zuen. Hala, agenteak berari segika hasi ziren, hura harrapatu zutenera arte.

Gaztea atzeman ondoren, udaltzainek ikusi zuten motxila barruan sustantzia estupefaziente baten dosi bakarreko 15 ale zituela, ustez marihuana, saltzeko prest. Horren ondorioz, gaztea atxilotu dute osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun