Kaleko Kultur Jaialdia antolatuko dute aste-akabuan, Algortan

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 7a, 11:45

Iazko edizioaren irudi bat. © GETXOKO UDALA

Datozen barikuan eta zapatuan, ekainaren 9an eta 10ean, denetariko kirolen jokaleku bilakatuko dira Algortako erdiguneko kaleak. Aurreko urteotan legez, erakustaldiak eta zenbait kirol-eskola izango dira bertan, Getxo Kirol udal-erakundeak antolatutako Kaleko Kultur Jaialdiaren seigarren edizioan. Besteak beste, boxeoa, boleibola eta patinajea izango dira aukeran.

Jaialdia duela sei urte sortu zuten, herritarrak udal-kiroldegietan urte osoan antolatzen diren kirol-jardueretara hurbiltzeko asmoz.

Jarduerak Biotz Alai eta Telletxe plazetan banatuko dira. Horrela, pertsona nagusiei zuzenduriko dantza batek hasiera emango dio jaialdiari, Biotz Alai plazan, barikuan, 17:30ean. 18:00etatik aurrera, Getxo Kirolak-eko dantza-taldeen ikastaro-amaierako erakustaldiak eskainiko dira.

Ekainaren 10ean, zapatuan, jarduerak Telletxen izango dira. 12:00etatik 14:00etara bitartean, tenis, slackline, boxeo, gimnastika erritmiko, errugbi, boleibol, irristaketa, herri-kirolak eta saskibaloia praktikatzeko kantxak instalatuko dira. Kirolgune horiek udalerriko klubek dinamizatuko dituzte eta irekita egongo dira hurbiltzen diren eta parte hartu gura duten pertsona guztientzat.

Zapatuko saioa dela eta, Telletxeko errepidea, plazaren pareko zatian, trafikoarentzat itxita egongo da 10:00etatik 14:30era bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun