Guztira, 4.255 lagunek bisitatu zuten erakusketa; martxoaren erdialdetik apirilaren erdialdera egon zen zabalik jendearentzat RKEko atondoan. Hain zuzen ere, erakusketa zabaldu zen egunean bertan, martxoaren 14an, erregistratu zen bisitari kopuru handiena: 585.
Erakusketaren helburua izan da, alde batetik, proiektua Getxoko bizilagunei hurbiltzea, eraikinaren egitura eta erabilerak zein plaza berriaren eta bere inguruaren aldaketak hurbiletik ezagutzeko aukera izan zezaten. Eta bestetik, herritarrek beren ekarpenak egin zitzaten, plazaren etorkizuneko diseinuari buruz beraien ikuspegi, balorazio, interes eta nahiak agerian uzteko. Guztira, 625 ekarpen jaso dira, eta horietatik 99k ez dute zerikusirik plazagaz.
Beste eskaera batzuk
Onarpen gehien izan duen bigarren eskaera plazan askotariko erabilerako gunea prestatzea izan da, bertan hainbat jarduera antolatu ahal izateko: udako zinea eta liburutegiak, kontzertuak, antzerkia, dantzak, azokak, erakusketak eta bestelako ikuskizunak.
Ekarpen hori bat dator ekipamenduaren beraren diseinu-proposamenagaz, zenbait solairutan (sotoan eta beheko solairuan) ezaugarri horietako guneak aurreikusten baititu, baita plazakoagaz eta inguruko kaleakaz, erdialdean funtzio anitzeko espazio bat libre uzten baitu, baita aldi baterako estali daitekeena ere.
Beste ekarpen batzuetan (40 eskaera) RKEren ingurunean berdeguneak egokitzeko nahia agertu dute; baita aulkiak ipintzea ere (26 eskaera); gerizpe- eta aterpe-guneak (12 eskaera); estalpeko eremua ere eskatu dute, aurreikusita dagoena eta aparkalekuko sarbideko arrapalekiko paralelo dagoena; eta iturri bat (14 eskakizun).
Beste ekarpen batzuk ez dira kontuan hartuko, hainbat arrazoirengatik bideragarriak ez direlakoan, hala nola saskibaloi, irristaketa, tirolina eta koltxonetak dituzten kirol-kantxak; fatxadan rokodromoa; igerileku bat; barrakak; dinosauro-museo bat; edo animalientzako zoo bat ipintzea eskatzen dutenak.
Obraren lehen etapa esleitu da
Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak gogoratu du, bestalde, proiektuak jarduketa berri bat aurreikusi duela, azken hamarkadan garatzen dabilen planaren barruan. Horrenbestez, eremua (egungo plaza eta Santa Eugenia, Kresaltsu eta Ezequiel Agirre kaleetako tarte batzuk) auzoaren behar berrietara egokitzea aurreikusten du, ekipamendu berria "erreferente soziokulturala" izan dadin auzoko eta Getxo osoko bizilagunentzat. Eta hori etapa bitan gauzatzea proposatzen da.
Lehenengoa, atzo bertan gobernu-batzordean esleitu zen, eta Santa Eugenia plazan ardazten da; jarduketa-esparruaren guztizko azalera 3.916 metro koadrokoa da, lizitazio-aurrekontua 599.238 eurokoa da (BEZa barne), eta lanak esleitzeko kontratua sinatzen denetik 22 asteko egikaritze-epea egongo da. Aldi hori eremu publikora mugatzen da hertsiki: zoladurak, akaberak, estalpeko gune bat jartzea, lorezaintza-azpiegiturak, hiriko altzariak eta sareen egokitzapena. Horri gehitu beharko zaizkio jolasgunea eta hiritarrek egindako ekarpenen ondorio diren beste egokitzapen batzuk.
Bigarrenak hiriko azpiegitura batzuk berritzeari eta alboko kaleetako egokitzapenari helduko die; horrek honakoak hartuko ditu barne: Aurrezki Kutxa kalea oinezkoentzat egitea eta Kresaltsu kalea plazan sartzea.