Begoñako galerien memoria kolektiboaren gaineko erakusketa dago ikusgai

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 7a, 14:39

Erakusketa joan den ekainaren 1ean zabaldu zuten. © EHU

Ekainaren 15era arte dago "Getxoko memoria kolektiboa" izeneko erakusketa bisitatzeko aukera; ekimena Begoñako galerien balioa nabarmentzeko proiektuaren barruan kokatuta dago. Horretan, EHUko ikerlariak Begoñako memoria immateriala eta materiala berreskuratzeko egindako lana azaltzen dabiltza. Erakusketak zati bi ditu: leku horretako historiagaz lotutako pertsonen testigantzak, Torrene Aretoan egongo direnak; eta galeriak berreskuratzeko aurreikusitako esku-hartzeak, Villamonteko kultur etxean ikusgai daudenak.

Galerien inguruan eratu den gizarte sarearen bitartez, herritarrek lagatako dokumentuak, irudiak, grabazioak eta elkarrizketak bildu, sailkatu, katalogatu eta aztertu ahal izan dira. Horren emaitza narrazio bat izan da, Begoñako galerien historia ez ezik, Getxokoa, Bilbokoa eta Bizkaikoa ere bildu dituena. Horiei esker, jakin ahal izango da nolakoa zen galerietan bizitzea, zertarako erabiltzen ziren, zein asmoz eraikiarazi zituen Horacio Echevarrieta jabeak, Ricardo Bastida arkitektoa gogoan zuela, eta zer eragin izan zuten getxotarren bizimoduan.

Testigantza horiek ikus-entzunezkoen bilketaren lehenengo fasean jaso dira, eta nagusiki tokiaren historiagaz zuzenean erlazionatutako pertsonak edo haien oinordekoak hartu dira ardatz gisa.

Aurreikusita dago bigarren fase bat egitea, Getxoko herritar guztiei irekita, hala gura dutenek galeriei lotutako testigantzak, bizipenak eta bestelako materialak emateko aukera izango dute. Fase horretako lehenengo urratsean, biltzeko postontzi bat jarri dute Torrene Aretoan, ekainaren 15era arte egongo dena, getxoztarrek beren harremanetarako datuak eta eman dezaketen informazioa utz ditzaten (hala nola galeriei buruzko argazkiak, posta-txartelak, bideoak, gutunak, dokumentuak, istorioak, oroitzapenak eta bizipenak).

Erakusketa Villamonteko aretoan

Getxoko historia kolektiboaren ildotik, Villamonte kaleko kultur etxeak ere erakusketa bat hartuko du ekainaren 15era arte. Horretan, Begoñako galerietan 2017. urterako aurreikusi diren esku-hartzeak azaltzen dabiltza. Hain zuzen ere, erakusketan birsortzeen eta planoen bidez azalduta dago, esate baterako, obrak zertan datzan, eraikinaren zein gunetan esku hartuko den eta zein teknikak erabiliko diren.

Egingo diren lan horiei esker, eraikinaren irisgarritasuna hobetuko da eta, horrela, galerietako eremuak gehiago erabili ahal izango dira eta eraikinaren elementuen narriadura geldiaraziko da. Besteak beste, honako esku-hartze hauek aurreikusi dira: aretoa iragazgaiztea, hegoaldeko galerian bi sabai aizunak eskoratzea, aretoaren azpiko gune berrirako sarbidea sortzea, iparraldeko sarreran igogailu panoramiko bat jartzea eta beste sarrera bat eratzea hegoaldeko galerian.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun