Antolatzaileek Bizkaiko eta Kantabriako 300 kirolari batuko dituzte Algortako hareatza horretan. Talde hauek ibiliko dira lehian: eskola-, kadete-, gazte-, eta senior-mailakoak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Izan ere, talde itzubaltzetarraren asmoa da hondartza-eskubaloia “txikienen artean sustatzea”.
Kirol-erakustaldiaz doan gozatu ahal izango da barikuan, 16:00etatik 21:00etara; zapatuan, 09:00etatik 21:00etara; eta, domekan, 09:00etatik 15:00etara. Talde bakoitzean, lau jokalarik jardungo dute hamar minutuko set bitan. Denbora hori agortzean berdinketa izango balitz, shoot out erronda egingo da. Hiru pauso ematea zilegi den kontraeraso horien ondoren taldeek berdinduta segituko balute, urrezko tantora jokatuko lukete, bat-bateko heriotza moduko sisteman.
Barikuan eskola-kiroleko taldeen arteko partidak izango dira; zapatuan kadete-, gazte-, eta senior-mailetako lehia egongo da ikusgai; eta domekan, berriz, finalak jokatuko dituzte.