Galeako txilardi atlantikoak berreskuratzeko proiektuari esker hainbat txori espezie itzuli dira

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 19a, 12:42

Kostako txilardia. © GETXOKO UDALA.

Galeako txilardi atlantikoak berreskuratzeko Getxoko Udalak martxan jarritako proiektuak emaitza onak eman dituela jakinarazi dute arduradunek. Izan ere, lan horri esker, aspaldi ikusten ez ziren hainbat txori espezie bueltatu da txilardien ekosistema horretara.

Hesiakaz itxitako babes-eremuaren barruan dagoen lasaitasuna baliatuz, hainbat hegazti espezie ugaltzen hasi dira (udaberrian egin diren jarraipen-lanetan detektatu ahal izan denez); espezie horiek aspaldi ez ziren ikusten inguruetatik. Espezie horien artean daude, besteak beste, txirriskila arrunta, pitxartxar burubeltz, kardantxilo, zozoa, hesi-berdantza, sasi-txori arrunta, txinbo kaskabeltza, txinbo burubeltza eta txepetxa. Horiek ez ezik, duela urte batzuk inguru horretan habia egiten zuen belatz gorriaren bikote batek ere esparrua kolonizatu du berriro, habia prestatzerakoan eta, ondoren, txitak berotzerakoan ez baitu enbarazurik izan.

Hortaz, hegazti-fauna adierazlearen jarraipenak, berreskuratze proiektuaren lehen fasearen ondoren ingurumen teknikariek egindakoak, emaitza pozgarriak ematen ari dira hegazti horien lehenengo ugaltze-aldi batean.

Txilardi atlantikoaren ekosistemak lehentasuna dauka Europan zaindu eta berreskuratzeko, Bizkaian asko eskastu edo oso hondatuta dagoelako, gizakien eraginagatik eta higadura-prozesuengatik.

Hori dela eta, Getxoko Udalak, Lurgaia Fundazioagaz lankidetzan, plan pilotu bat abiatu zuen iragan udazkenean, Azkorri-Gorrondatxe hondartzaren eta Galeako lurmuturraren artean dagoen kostako txilardien ekosistema hobetu eta babesteko. Egitasmo horren barruan, bi eremu itxi ziren modu esperimentalean, gizakien mugimenduaren eraginez ekosistema hondatzen ari zen bi eremutan.

Bata Azkorriko aparkalekuaren ondoan dago, biribila eta 350 bat metroko perimetroa duena; eta bestea, Alpenarri puntaren inguruan, Tunelbokako senadiaren alboan, 800metrokoko itxitura lineala duena. Bietan esklusio-eremu bana mugarritu zen higatutako espazioak indartzeko, txilar landareak (Erica vagans) landatuz, eta landarediak espazio horiek era naturalean birkoloniza zitzan.

"Udalerriak nagusiki hiri-izatasuna badu ere, interes handiko espazio edo esparru naturalak ere badauzka, eta Udalak ahalegina egiten du horiek babesteko; Galea eta Azkorri ez ezik, Bolueko hezegunea eta Gobela ibaiko ingurune osoa ere garrantzitsuak dira helburu hartarako. Ingurune hauek kontserbatu eta zaintzeko gure aurrekontuaren zati handi bat bideratzen dugu”, aipatu du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun