Dena prest dago Arrigunaga eta Areetako skate-parkeetan munduko patinatzaile onenek jarduteko. Izan ere, Getxoko Skate Astearen ostean egingo da La Kantera Pro txapelketa; joan den astean, Basque Pool Series euskal zirkuituko probak egin zituen La Kantera Skate Eskolak. Egitarauan denetarik izango da: maila goreneko lehiaketak (50.000 euro banatuko dira saritan), erakustaldiak, eskolak, musika eta hainbat kultur jarduera, skatearen kulturan oinarrituta. Ekitaldi denak libreak eta doakoak izango dira.
Bestalde, euskal emakumezkoen txapelketa egingo dute lehenengo aldiz, antolatzaileek azpimarratu dutenez; bertan parte hartuko dute Catherine Marquise eta Chloe Bernard goi mailako patinatzaileek. La Kantera Pro egunez aldatu izanak munduko maila goreneko rider-talde batek izena ematea erraztu du; aurreko edizioetan, irailean egin zen eta, aurten, ekainaren 23 eta 24an (eguraldia okertuz gero, domekan ere egin liteke), eta, horren ondorioz, skater horietako askok Getxoko proban izena emateko aukera izan dute, aste hauetan europar zirkuituan lehiatzen baitabiltza.
Horrenbestez, honako skate-izar hauek izango dira Arrigunagan: Pedro Barros brasildarra (modalitateko munduko onena eta Getxoko lehen txapelketako irabazlea), Alex Sorgente (iazko irabazlea), CJ Collins, Cory Juneau, Ivan Federico, Danny León eta Kale Berglind (2015eko txapelduna).
Gainera, masterren probak kirol honetako mitoak izango dira, eta lehenengo aldiz emakumezkoen txapelketa egingo da. Bertan parte hartuko dute goi mailako patinatzaileek, hala nola Catherine Marquisek eta Chloe Bernardek. Aurretiazko txandak barikuan egingo dira, eta finalak, zapatuan, 16:00etatik aurrera.