Plana egikaritzeko lanean jarraitzen du Udalak, eta hiritarren ekarpenari garrantzia emateko eta egitasmoan haien parte-hartzea errazteko asmoz, gizarte-hautematearen gaineko inkesta bat abiatu du; lineako inkesta da eta web orrialdearen bidez erantzun daiteke. Galdetegiaren bidez nahi da Getxoko mugikortasunagaz inplikatuta dauden eragile guztiek beren iradokizun eta eskaerak egitea, hiri mugikortasuneko eredu berri osasungarriago, eraginkorrago eta iraunkorrago bat batera eraikitze aldera.
Inkestaren helburua da hiritarren iritzia lortzea, hainbat arloei buruzkoa: garraiobide publikoa, oinezkoen mugikortasuna, ibilgailu pribatua, bizikleta eta aparkamendua, besteak beste. Bildutako informazioek mugikortasunari buruzko gizarte-diagnostikoa osatzen lagunduko dute, modu erabakigarrian, HMIPren eremuan.
Kanpaina WhatsApp-en bidez
Inkestaz gainera, telefono zenbaki bat (688 694 053) egokitu da, WhatsApp aplikazioaren bidez gura duten guztiek udalerriko mugikortasunari buruzko ekarpenak modu zuzenean helarazi ditzaten. Iradokizun, iritzi eta ekarpenak ez ezik, argazki eta bideoak ere igorri ahal dituzte, aipatutako mugikortasunaren arlo nagusiak hobetzen laguntzeko.
WhatsApp bidez ekarpenak egiteko epea ere, lineako inkestan bezala, ekainaren 30ean amaituko da.
Prozesu kolaboratzaile eta parte-hartzailea, hiritarren laguntzan oinarritua
Getxoko Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planak (HMIP) Udalak 2017-2030 urteen artean mugikortasunaren alorrean egingo dituen jarduketak taldekatu eta antolatuko ditu. Izan ere, helburua da udalerriko mugikortasun jasangarriaren politikak datozen urteetarako moldatzea, eredu osasungarriago, eraginkorrago eta iraunkorrago bat bultzatzeko, Getxoko bizi-kalitatearen mesederako izango dena.
Egitasmoa prestatzeko prozesua era kolaboratzaile eta parte-hartzailean egiten ari da, eta hiritarren laguntza du funtsezko zutabeetako bat. HMIP prestatzeko elkarlaneko zeregin hori erraztu eta bideratzeko, inkesta eta WhatsApp-eko kanpainaz gainera, hainbat eremu ere egokitu dira, parte hartzeko: hiritar guztiei irekitako aurrez aurreko topaketak, jardunaldiak interesdun taldeekin, www.getxo.eus/pmus berariazko webgunea eta sare sozialak. Horrez gainera, hiritarrek beste modu batzuk dituzte beren iritzi, iradokizun eta ekarpenak adierazteko: posta elektronikoa, OKI/AQS zerbitzua (Oharrak, Kexak eta Iradokizunak) edo, aurrez aurre, Hiritarren Arretarako Bulegoak (HABeak)