Maider Santxok eta Katalin Garciak euskal boleibol-selekzioagaz jardungo dute Afrikan

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 21a, 15:16

Katalin Garcia eta Maider Santxo pasa den maiatzaren 28an, Euskadiko Hondartza-boleibolaren Txapelketa irabazi ostean. © GETXO AIXERROTA BKT

Euskadiko boleibol-selekzioaren koloreak defendatuko dute Maider Santxo Soto eta Katalin Garcia Lopategi getxoztarrek; Getxoko Aixerrota Boleibol Kirol Taldeko kideek Espainiako gazte-txapelketan jardungo dute, uztailaren 20tik 23ra, Afrikako Kanaria irletan.

Izan ere, getxoztarrek jarraipena eman gura diote Getxoko Aixerrota Boleibol Kirol Taldearen bolada onari. Orain dela aste batzuk, taldeak Plentzian lortu zuen brontzea, Euskadiko 21 urtez azpiko Hondartza-boleibol Txapelketan, Maider Santxo Soto eta Katalin Garcia Lopategi bikoteari esker.

Daborduko, beste hiru metal jantzi dituzte beste txapelketa bitan: maiatzaren bukaeran, bikote berak irabazi zuen 19 urtez azpiko Euskadiko Txapelketa, Sestaoko La Benedicta kiroldegian. Gainera, set bat ere galdu barik lortu zuten balentria.

Bide horri eutsiz, Aida Etxebarria eta Nerea Izaguirre Getxoko Aixerrotako jokalariak ere nagusitu ziren Euskadiko Hondartza-boleibol Txapelketan, ekainaren 11n, Donostiako Zurriola hondartzan. Galdakao Boleibol Taldean hezitako bikoteak senior mailan lortu zuen txapelketa. Halere, talde getxoztarrak ez zituen bakarrik Hego Uribeko fitxaketak zelairatu. Eurekaz batera, Santxo eta Garcia ere lehiatu ziren; horiek hirugarren lekuan geratzea lortu zuten. Donostian, Etxebarria eta Izaguirre euren arerioen oso gainetik ibili ziren, eta set denak irabazi zituzten. Finalean ere, 2-0 nagusitu zitzaizkien Nerea Ruiz eta Ohiane Gutiérrez Sestaoko jokalariei: lehenengo setean, 21-19, eta bigarrenean, 21-15.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun