Erasoa astelehenean izan zen, 11:00ak aldera. Algortako establezimendu bateko arduradunak Udaltzaingoa deitu zuen, poliziaren premiazko presentzia eskatuz, bere alaba lokalean babestuta zegoela esanez, pertsona bat mehatxuka ari zitzaiolako ganibeta bategaz.
Deiaren ondorioz, hiru patruila bertaratu ziren. Lehenengoak pertsona bi aurkitu zuen inguruetan, ihes egiten zebiltzanak. Horiek harrapatu ostean, udaltzainek bertan ziren lekukoen informazioa bildu zuten. Horietako baten arabera, atxilotutako bikoteak liskar bat izan zuen biktimagaz: ustezko erasotzaileak, emakumeak, eta erasoa jasan zuen neskak oldarraldia izan zuten. Horren ostean, lekukoen arabera, bikoteak poltsa batean zeroatzan bi ganibet atera zituen eta, hori ikusita, biktimak ihes egin zuen inguruan bere aitak daukan tabernara, barruan babestu guran.
Erasotzaileak atzetik joan omen zitzaizkion eta, iturriek azaldu dutenez, tabernara iritsitakoan kanpoko altzariak hasi ziren apurtzen, baita fatxadako kristalen aurka gauzak botatzen ere.
Bikotea atxilotu zutenean, horiek ez zuten ganibetik eroaten gainean, baina ondoren udaltzainek horiek aurkitu zituzten, ezkutatuta.
Bi emakumeak zaurituta geratu ziren jasotako kolpeengatik, eta osasun-zentroetan artatu behar izan zituzten. Polizia-iturrien arabera, zauriak ez ziren arma zuriek eragindakoak. Hala, Udaltzaingoak ondorioztatu du ganibetak "mehatxatzeko" erabili zirela, ez erasotzeko.
Bikotea atxilo eraman zuen, gertatutako denaren erantzukizuna zuelakoan.