Getxo Jazz badator!

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 27a, 11:37

Kontzertu nagusien artean, azken-aurreko egunean Dianne Reeves abeslari ospetsua igoko da agertokira. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Aurten ere izen handiko musikariek parte hartuko dute Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 41. edizioan, hilaren 28tik uztailaren 2ra arte, Algortan. Saio nagusietan (Bihotz Alai plazan, 22:15ean), Chucho Valdés, Dianne Reeves, Christian Scott, Bill Evans, Dean Brown eta Andrej Olejniczak izango dira; horiei batuko zaizkie talde-lehiaketaren kontzertuak (Bihotz Alai plazan, 21:00etan); beste behin ere, Europako jazz-musikari gazteen lanaz gozatzeko aukera egongo da. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa atalean, eskaintza ugaria izango da: Ana Bejerano Concept, Alberto Arteta Group, Daahoud Salim Quintet, Giulia Valle Trío eta The Machetazo taldeak igoko dira agertokira, Telletxe plazan; emanaldiak 19:00etan hasiko dira.

Familiako kide guztientzako saioei dagokienez, Andrés Isasi Musika Eskola Gazte Sextet-ek uztailaren 1ean emango duen kontzertua nabarmendu du Getxoko Kultur Etxeak. Taldea Udalaren musika-eskolan ikasten duten sei ikaslek osatzen dute, eta Getxon egingo du estreinako emanaldia, jazzaldiaren barruan. Azkenik, Cuarteto y Taca taldearen inprobisazio-saioak egongo dira, ekainaren 29tik uztailaren 1era arte, Algortako The Piper’s taberna irlandarrean, gauerdian.

Sarrerak

Algortako Bihotz Alai plazan egongo diren kontzertuak izango dira ordaindu beharreko saio bakarrak. Hala, txartelak eros daitezke ohiko salmentaguneetan: Kutxabankeko orotariko kutxazainetan, Kutxabank.es webgunean, Algortako kultur etxean eta 944 914 080 telefono zenbakiaren bidez (Kultur Etxea). Bestalde, gazte-txartela daukatenek Getxoko Jazzaldiko gonbidapenen zozketan parte hartu ahal izango dute. Izan ere, An­drzej Olejniczak Quartet eta Christian Scott Quintet taldeen kontzertuetarako seina sarrera bikoitz zozkatuko dituzte; Bill Evans & Dean Brown Band taldearen emanaldietarako, hiru sarrera bikoitz; eta Dianne Reeves eta Chucho Valdés musikarien saioetarako, sarrera bikoitz bana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun