Getxophotok "Trantsizioak" gaia ekarriko du Algortako kaleetara

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 7a, 12:00

Gauez ere egin ahal izango dira bisita-gidatuak. © GETXOPHOTO

Getxophotoren 11. edizioaz gozatu ahal izango da abuztuaren 31tik urriaren 1era.

Getxo eta argazkilaritza lotu dituen festibala da Getxophoto, Hala, antolatzaileek gurago dute “Getxon, Euskal Herrian, ikusizko arteak jorratzen dituen jaialdia” dela azaldu. Begihandi kultur elkarteak antolatuta, Mónica Allende editore grafiko, kultur ekoizle eta komisarioak prestatu du Getxophotoren aurtengo edizioa, Trantsizioak izenburupean. Bere estreinaldia izango da jaialdi hori aurrera eroaten, baina, halere, bilbotarrak eskarmentu handia dauka. Besteak beste, London Collegue Communication-eko irakasle bisitaria da Allende, eta epaimahaikidea izan da World Press Photon eta nazioarteko beste zenbait lehiaketatan. Oraindino, jaialdiak ez du jakinarazi zein izango diren aurtengo edizioan parte hartuko duten egileak. Halere, Getxophoto jaialdiko kideek daborduko zehaztu dute zer jarduera antolatuko dituzten.

Bisita gidatuak izaten dira ekimenik jendetsuenak; aurten hiru motakoak izango dira. Alde batetik, bisita berezia izango da irailaren 3an, domekan. Egun horretan, Allendek berak eta erakusketan parte hartuko duten hainbat argazkilarik emango dituzte orientazioak ordu biko saioan. Bestalde, iraileko zapatuetan eta domeketan, ohiko bisita gidatuak izango dira, hiru euroan. Izena aurretik eman beharra dago. Bestelakorik eskatu ezean, egun bitan izango dira euskarazko bisita gidatuak: irailaren 30ean eta urriaren 1ean. Azkenik, argazki-erakusketa gauez ere ikusteko aukera izango da, iraileko barikuetan.

Getxophotoren ekitaldi batzuk

Uztailak 26, eguaztena

  • Egun osoan "Etorkizuna hemen da" gaiaren inguruko argazki-lehiaketan parte hartzeko epemuga.

Abuztuak 31-urriak 1

  • Egun osoan, Getxophotoren Info Gunea irekita egongo da, Algortako Amezti kaleko 4. zenbakian.

Irailak 1, barikua

  • 19:30 Jaialdiaren irekiera-ekitaldia, Areetako Andrés Isasi musika-eskolan. Aurretiaz izena eman beharra dago.

Iraileko barikuetan

  • 20:30 Gaueko ibilbideak.

Iraileko zapatuetan eta domeketan

  • 11:30 Oinezko bisita gidatuak, gaztelaniaz, erakusketa ikusteko. Ikusi euskarazkoak.

Irailak 3, domeka

  • 11:30 Erakusketa ikusteko bisita gidatu berezia Mónica Allende komisarioagaz eta zenbait egilegaz; Algortako San Nikolas plazatik irtengo dira.

Irailak 16, zapatua

  • 11:00 Hamaiketakoa Conny Beyreuther-egaz, Adi Espazioan.

Irailak 23, zapatua

  • 11:00 Hamaiketakoa Vicente Paredesegaz, Adi Espazioan.

Irailak 30, zapatua

  • 11:00 Hamaiketakoa Txelu Angoitiagaz, Adi Espazioan.

Irailak 30 eta urriak 1

  • 11:30 Oinezko bisita gidatuak, euskaraz, erakusketa ikusteko. Algortako metro geltokitik irtengo da. Aurretik eman daiteke izena, eta ordutegia alda daiteke. Prezioa: hiru euro.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun