Itxartugaz Gorbeiara joateko izen-ematea zabalik dago

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 4a, 13:30

Itxartuko kideak Gorbeian, artxiboko irudi batean. © ITXARTU

Datorren domekan, uztailak 9, Algortako Itxartu mendigoizale-taldeak txango bat egingo du Gorbeia mendira, Pagomakurretik. Ibilaldian parte hartu gura dutenek daborduko inskripzioa bete dezakete, eguenera arte. Izan ere, uztailaren 6an, eguenean itxiko dute zerrenda, 14:00etan.

Mendi-taldeak azaldu duenez, ibilbidearen luzera 15 kilometrokoa izango da, 3 ordu eta 45 minututan egiteko asmoa daukatena, hamaiketakorako tartea alde batera utzita. Bidean, 550 metroko igoera metatuari aurre egin beharko diote. Hala, erdiko zailtasunean kokatu dute Gorbeiako ibilbide hori, akabuko aldapak "gogorrak" direla aitortu arren.

Interesdunek epearen barruan eman dezakete izena posta elektronikoz, itxartumendi2015@gmail.com helbidera honako datuak bidaliz: izena, pertsona kopurua eta autoa eramateko prest dagoen. Modu berean, telefono-zenbaki bat ipini beharra dago mezuan, aldaketak izatekotan, antolatzaileek deitu ahal izateko. Bidaiari bakoitzak 6 euro ordainduko ditu.

Irteera goizeko 08:00etan izango da, Algortako batzokiaren parean dagoen autobus geralekutik. Plana bazkaria eroatea da eta Gorbeia igo ondoren, jaitsieran, Pagomakurren bazkaltzea. Halere, Algortara bazkaltzera itzuli gura dutenek aukera izango dute, baina aldez aurretik aukera hori aukeratu gura dutenek autoak antolatu beharko lituzkete.

Hala Itxartuk ohartarazi duenez, komenigarria da auto bakoitzean doazen pertsonakaz apuntatzea, bazkaltzera geratzeko edo Algortara itzultzeko aukera adieraziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun